Negozio txikien kudeaketa egokirako aholkularitza emango du Mankomunitateak

Julen Iriondo 2009ko urriaren 2a

Hirugarren sektoreko negozio txikiei zuzendutako ekimen berria jarri du martxan Debagoieneko Mankomunitateko Garapen agentziak. Helburua da negozio horiek kudeaketan dituzten gabeziak identifikatzea eta hobekuntzak proposatzea, ETEGEST deritzon metodologiaren bitartez. Programa hau gauzatzeko, gainera, sei lagun kontratatu ditu Mankomunitateak.

Enpresa edo negozio txikiek, batez ere berriek, euren jardueren kontrol egokia eramateko, horiek egoki kudeatzeko zailtasunak dituztela ikusi du mankomunitateak. Hobetu daitezkeen arloak asko izan daitezke: antolaketa, planifikazioa eta ekoizpena; komertzializazioa eta salmenta; finantza eta ekonomia arloen kontrola; eta informazio eta komunikazio teknologia berrien gaineko ezagutza, esate baterako. Horiek lantzeko zerbitzua da Debagoieneko Garapen Agentziak eskainiko duena, doako zerbitzua. Enpresa txikientzako egin zuten aurrena deialdia. Orain ibarreko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko negozio txikiei eta autonomoei zuzentzen zaizkie. Zerbitzua eskatzen dutenekin bi fasetan egingo dute lan. Lehenengo negozioaren diagnosia egingo dute, eta ondoren egoera hobetzeko bidean jarri. Mankomunitateko arduradunek argi utzi nahi dute, dena den, inondik ere ez datorrela ekimen hau aholkularitza zerbitzu profesionalen lana ordezkatzera.

INEMen eta tokiko erakundeen arteko hitzarmenaren ondorio da programa hau. Hitzarmen honen bitartez kontratatu dituzte negozioetara aholkularitza eskaintzera joango diren lagunak. Sei izango dira, eta hiru hilabetez eta jardun erdiz ariko dira. Uztailetik hona formazioa jaso dute sei lagunok. Enpresa txikien kudeaketa beharrak asetzeko erabilgarriak diren erreminta informatikoetan trebatu dira denbora honetan, eta horiek ekintzaileen esku uztea izango da orain euren egitekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak