Uztailak 27, egubakoitza
- Bergarako Mahaster River taldeak emanaldia egingo du gaur, 22:30ean, Bergarako Etxagi tabernan. Taldearen ohiko klasikoez gain, hainbat berrikuntzaz gozatzeko aukera izango dute kontzertura joaten direnek.
- Ordu berean, baina Espoloian Jazz emanaldia egingo du Five's Hot Project taldeak. 2005. urte hasieran sortu zen boskote hori, kideek Donostiako Musika Kontserbatorioan bat eginda. Zuzenekoetan giro hurbil eta beroa sortzen dute.
- Gaueko 23:00etan, Bergarako Ziripot tabernan Disko jartzaileen emanaldia egongo da. DJ Balza KPK bergararrak jarriko du musika.
- Gauerdian hasita, berriz, kontzertua egingo du Muskaria taldeak Arrasateko Gure Leku tabernan.
Santiago jaiak
Santiago jaiak ere ospatuko dituzte Debagoieneko bi auzotan.- Aretxabaletako Goroeta auzoan Santiago jaiak ospatuko dituzte. Bihar, zapatua, umeendako jolasak egongo dira 16:30ean; 17:00etan, mus eta briska txapelketak; 19:00etan, txikiteoa; 21:00etan, auzo afaria eta 23:00etan, dantzaldia Txome akordeoi jotzailearekin. Etzi, domeka, meza nagusia egingo dute 12:30ean.
- Bergarako Goimendi auzoan ere Santiago jaiak ospatuko dituzte. Bihar, zapatua, hasiko dira jaiak eta 22:30ean erromeria izango da Laja II.a eta Unai Narbaiza soinu jotzaileekin. Etzi, domeka, meza izango da 11:00etan, eta 12:30ean bertsolarien saioa egongo da. Parte hartuko dute Joxe Agirre eta Imanol Lazkanok. 18:00etan herri kirolen erakustaldia egongo da Unai Mugertza eta Elorriaga aizkolariekin eta Haimar Irigoien harri jasotzailearekin. Jaiei amaiera emateko, erromeria izango da, 19:00ak aldera, Epelde eta Lutxurdiorekin.
Erakusketak
Eta erakusketei dagokionez, Eskoriatzan zabalik duzue Irakatsi gabeko irakasgaia izeneko erakusketa. Helburua da Espainiako gerra orain arte nola ikasi den eta gaur egun nola ikasten den erakustea. Irailaren 16ra arte egongo da ikusgai Ibarraundin.
Bergarako Aroztegi aretoan, berriz, Carlos Ribera margolariaren erakusketa duzue ikusgai. Sortzez valentziarra bazen ere, Donostian egin zituen Riberak bere bizitzan pinturari eskainitako urterik oparoenak. Bergarako erakusketan, pintorearen akuarelak, olioak eta marrazkiak ikusi ahal izango dira. Abuztuaren 19ra arte egongo da erakusketa zabalik.