Musika, dantza, bertsoak, magia, azoka, txotxongiloak eta beste, oraingo asteburuan

Ubane Madera 2010ko urr. 22a, 16:13
Gaur (egubakoitza) Danbaka lehiaketarekin hasi Elgetan, bihar dantza jaialdi erraldoiarekin (Arrasate) segi eta domekan azokarekin (Aretxabaleta) eta bertso jaialdiarekin (Arrasate) bukatuko da asteburua, besteak beste, gure ibarrean. Tartean, jakina, beste makinatxo bat ekitaldi izango dira, esaterako Taun-Taun taldearen ezinbesteko txotxongilo mostra. Segidan duzue hitzordu zerrenda.

Elgeta

> Oñatiko, Bergarako eta Soraluzeko taldeak, Danbakako 1. kontzertuan

Gaur, egubakoitza (22:30), joko dute Espaloian Danbakako lehenengo lau taldeek: Black River (Oñati), Desprezio (Bergara-Soraluze), Lord Witch (Bergara) eta La-Tox (Bergara). Sarrera 5 euro da; Gazte Kutxarekin, 3 euro.

>Anthony Blake mentalistak gertuko bi emanaldi egingo ditu bihar eta etzi, Espaloian

Anthony Blake mentalista ezagunak Elgetan geldialdia egingo du Más cerca izeneko biraren barruan. Horren berezitasuna da formatu txikiagoko ikuskizuna dela, jendearengana gehiago hurbiltzeko. Blake-ek mentalismo purua landuko du: telepatia, telekinesia, etorkizuna iragartzea eta beste trebetasun batzuk landuko ditu. Sarrerak salgai daude Espaloian, 18 eurotan (15, bazkideek). Bihar, zapatua, 22:30ean; etzi, domeka, 20:00etan.

Arrasate

> Txikitxu-Arrostaitzen urteurreneko azken jaia

Bihar, zapatua, bukatuko dira Txikitxu-Arrostaitz dantza taldearen urteurreneko ospakizunak. Lehenengo, dantza erakustaldia egingo dute (18:00); dantzariez gain, gaitariek, Arrasate Musikaleko kideek, Udalaxpe taldeko txistulariek eta Erraldoi eta Kilikien Konpartsak hartuko dute parte.

> Bertsolari txapelketako finaleko protagonistak Amaian; sarrera, doan

Euskal Herriko bertsolari onenak batuko dira: Maialen Lujanbio, Amets Artzallus, Jon Maia, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi; gai-jartzaile, Josu Goikoetxea. Etzi, domeka, 18:00etan.

> Perretxiko Eguna eta Ikastolaren Eguna ospatuko dituzte, domekan

Perretxiko Eguna eta Ikastolaren Eguna domekan ospatuko ditu Arizmendik. Ferixalekuan izango da. Honako ekintzak egingo dituzte: gosaria (09:30), herri kirolak (11:30-12:30), perretxikoen erakusketa (11:00) eta 12:30ean, Argitxoren urtebetetze ospakizuna. Eguerditik aurrera, ekintza gehiago izango dituzte.

Bergara

> Txotxongiloen mostra, gaurtik domekara bitartean

Euskal Herriko, Estatuko zein nazioarteko txotxongilo taldeek Bergarako kale, bazter eta aretoak hartuko dituzte barikuan (urriaren 22an) hasi eta domekara bitartean. Era berean, domekara arte ikusgai da "Fantasías mecánicas-arte y teconología" izeneko pieza mekanikoen erakusketa, Aroztegi aretoan. Goizean (astelehena) aurkeztu du Taun-Taun Teatroa taldeak Helduendako Nazioarteko Txotxongiloen X. Mostra, Donostian.

> Tulsa eta Dance Place taldeen kontzertua Tartufon

Tulsa eta Dance Place taldeek kontzertua egingo dute. Sarrera 10 euro da aldez aurretik, eta 12 euro, leihatilan. Gaur, egubakoitza, San Juan auzoko Tartufo aretoan, 23:00etan.

Aretxabaleta

> Gastronomia eta folklore jaia eta patxaran txapelketa

XIV. gastronomia eta folklore jaia egingo dute domekan, Zaraia Mendizale taldeak Udalaren laguntzarekin antolatuta. Gaztela eta Leon, Extremadura, Galizia, Errioxa eta Euskadi ordezkatuko dituzten taldeak elkartuko dira; euren jatekoak eskainiko dituzte, eta folklore emanaldiak ere egingo dituzte. Bestalde, etxean egindako patxaranen lehiaketa egingo dute. Sari banaketa 17:45ean izango da. Saritutako patxaranak enkantean aterako dituzte. Etzi, domeka, Herriko Plazan, 10:30etik 19:00etara.

> Euskal Herriko kondairen inguruko ipuin-kontaketa

Galdakaoko Panpin Panpox taldeko Elsa Pamparacuatrok Euskal Herriko leiendak izeneko ipuin-kontaketa saioa egingo du, 3 urtetik gorako umeei zuzenduta. Bihar, zapatua, Arkupen, 11:30ean; sarrera, doan.

> Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen emanaldia

Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek Konfetti delako ikuskizuna egingo dute. 4 urtetik aurrerako umeendako da, eta sarrera 3 euro da. Etzi, domeka, Arkupeko Zaraia aretoan, 17:00etan.

Eskoriatza

> Aretxabaleta, Oñati eta Eskoriatzaren arteko desafioa

Eingeinke gazte mugimenduak antolatuta, Aretxabaleta, Oñati eta Eskoriatzaren arteko desafioa izango da zapatuan. Hasteko, garagardo festa egingo dute (16:00); eta gero, desafioa (17:00): sokatira, irrintzi luzeena, zaldi karrerak, errelebo mozkorrak, azeituna-hezur jaurtiketa eta beste batzuk. Bukatzeko, 19:00etan, DJ Elviscainok musika ipiniko du. Bihar, zapatua, frontoian, 16:00etan.

> Ikasturteko lehenengo dantza saio ludikoa gidatuko du Patxi Monterok

Taldeko dantza saio ludikoa gidatuko du Patxi Monterok bihar, zapatua, frontoiko gimnasioan (18:00-20:00). Euskal Herriko eta Europako dantzak egingo dituzte. Gura duen guztia joan daiteke. Sarrera 5 euro da.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak