MUren ikasturte hasiera: ikerkuntzaren eta transferentziaren aldeko apustua egin dute

Usoa Agirre 2010ko ira. 6a, 15:03
Patxi Lopez lehendakariak inauguratu du ofizialki Mondragon Unibertsitatearen ikasturte berria. Hitzaldian azpimarratu du hezkuntzak euskal gizartearendako duen garrantzia. ETAren oharraren gaineko balorazioa ere egin du. Esan du ez dela "albiste txarra", baina ez dela "espero genuen albistea".

Patxi Lopez lehendakariak esandakoak ETAren adierazpenaz

Esan du ez dela albiste txarra ETAren adierazpena: "beti da albiste ona atentaturik gabeko egunak pasatzea, baina ez da espero genuen albistea, ETAren amaiera".

Lopezek esan du ETAren adierazpena ez dela euskal gizarteak eta ezker abertzaleak berak eskatzen zutena. Orain pilota "ETA eta bere inguruaren teilatuan" dagoela esan du, "ez demokraten teilatuan".

Esan du "demokratak elkartuta egoteko unea" dela eta "indarkeriari aurre egiten" jarraituko dutela "zuzenbide estatuarekin".

ETAren adierazpenaz balorazio gehiago.

Hasiera ekitaldia

Mondragon Unibertsitateko errektoreak enpresekin elkarlanean egindako ikerkuntzaren eta transferentziaren (I+T) aldeko apustu irmoa azpimarratu du hasiera ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburu Isabel Celaák, Mondragon Unibertsitateko presidente Javier Sotilek eta Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak ere parte hartu dute ikasturtea irekitzeko ekitaldian.

Horiez gain, UPV-EHUko errektore Iñaki Goirizelaia eta Deustuko Unibertsitateko errektore Jaime Oraá ere izan dira irekitze-ekitaldian. Baita Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ino Galparsoro Arrasateko alkatea ere.

Berrikuntza zentroa

Hasiera ekitaldiaren aurretik, energiarako eta garraiorako sistema adimendunetan punta-puntako zentroa inauguratu dute Arrasateko Campusean: Elektronika eta Sistema Txertatuen Ikerkuntza eta Berrikuntza Zentroa.  Zentro hori sistema txertatu edo adimendunen diseinuan eta garapenean Estatu mailako erreferentzia izatea espero du Unibertsitateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak