MUren Ekiten programan parte hartu duten proiektu onenak saritu dituzte

Txomin Madina Milikua 2009ko uzt. 9a, 21:17
Lehen aldiz bi kategoriatan banatu dute lehiaketa, eta sari nagusiak, eguzkitako inteligentearentzat eta auto-hornikuntza eta aurrezpen energetikoa hobetzeko proiektuarentzat izan dira.

Ekin, sortu eta enplegua eta aberastasuna sortu. Horiek dira Mondragon Unibertsitatearen Ekiten programaren ardatzak. Asmoa da, lehiaketaren bidez ikasleengan ekintzailetasuna bultzatzea eta enpresa edo negozio bat abiarazteko gai direnaren sentipena  zabaltzea.

Bi kategoria

Bi kategoriatan banatu dute lehiaketa. Alde batetik, Enpresa Ideia Berrien III. lehiaketa egon da. Kasu honetan, eguzkitako inteligentea garatu duen taldea izan da garaile: uneoro itzala egon dadin, eguzki izpien arabera bere kasa mugitzen den eguzkitakoa. Nora Aizpitarte, Joseba Apaolaza, Urtzi Igartua, Miren Lopetegi, Eider Oiarbide eta Leire Zubia dira talde irabazleko kideak.

Bigarren kategoria aurten sortu duten Landa Garapen Iraunkorrerako Ideien lehiaketa izan da. Hemen ikasle talde batek sortu duen auto-horniketa eta eraginkortasun energetikoa lortzeko aholkularitza zerbitzua izan da aukeratua; gai horrekin loturiko proiektuetan sor daitezkeen arazo eta kezkei irtenbidea ematea da sortu duten enpresaren helburua. Talde irabazlea, Ainhoa Arostegi, Gorka Ibañez, Ainhoa Eraña, Lorena Garcia, Leire Markuerkiaga eta Itxaso Erañak osatzen dute.

Kategoria bakoitzeko talde irabazleak 1000 euroko saria jaso du, baita urtebetean proiektua garatzen jarraitzeko beka bana ere. Honetaz gainera beste hiru lan ere saritu dituzte 500 eurorekin: bi Ideia Berrien lehiaketan, eta bat Landa Garapen Iraunkorrerako Ideien lehiaketan. 19 izan dira denera aurkeztu diren proiektuak.

Programa baliagarria

Irabazleen iritziz, Ekiten programa eta lehiaketa baliagarriak izan dira oso, ikasitakoak praktikan jartzeko eta lan mundura gerturatzeko aukera eman baitie.

Momentuz, proiektu hauek proiektu soilak dira. Baina baliteke errealitate bihurtzea ere:  auto-hornikuntza eta eraginkortasun energetikoaren inguruko aholkularitza konpainia garatu duten ikasle taldeko kide batzuek enpresarekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi dute.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak