Mundumira jaialdiko antolatzaileek eta Ternua etxeak egindako elastikoen salmentatik ateratzen duten dirua Debagoieneko gobernuz kanpoko erakundeen proiektuak bultzatzeko erabiliko dute. Hiru proiektuk jasoko dute dirulaguntza: Bergarako Africa Directo taldeak Zinderreko (Niger) Karkara auzoan egiten diharduen eskola publikoak; Arrasateko Nubi elkartearen 2009ko Oporrak Bakean egitarauak; eta, Arrasateko Harreman taldearen eskutik, Indiako Munban dagoen umezurtzen etxeak. Saldutako kamiseta bakoitzetik hiru euro bideratuko dituzte proiektu horietara.