Mundumira jaialdia Aretxabaletan ospatuko da

Maider Arregi 2007ko mar. 23a, 11:04
Ekainaren 1ean, 2an eta 3an izango da Mundumira. Festa horren bitartez, munduko bost kontinenteetan zehar bidaiatzeko aukera izango dugu.

Lurralde ezberdinetako musika, antzerkia, gastronomia eta artisautzaz gozatzeko aukera egongo da. Munduko kulturen
festa, kultur anitzen topagunea bilakatuko da. Helburu hori lortzeko asmoarekin lau ardatzen inguruan antolatu dituzte jarduerak.

Mundumira jaialdiaren hirugarren edizio horretan Gobernuz kanpoko erakundeen partaidetza izango da jaialdiaren berezitasuna. Euskal Herri osoko elkarteak gaur egun burutzen  ari diren lana eta proiektuak ezagutzeko aukera emango digute.

Non zangoa, han gogoa lema izango duten kamisetak ere salgai jarriko
dituzte. Eta horien salmentatik lortzen dituzten irabaziak gobernuz kanpoko erakundeetara bideratuko dituzte.

Musika protagonista

Musika etengabe izango da asteburu guztian zehar.  Proposamenen artean honako talde hauek nabarmentzen dira: Dam hip hop talde palestinarra, Cabo
Verdeko Mariana Ramos abeslariaren erritmo eta melankonia, Bartzelonako
Orkestra Arabiarraren erritmo mediterraniarrak eta Gecko Turnerren Afrika, Brasil eta musika elektronikoaren ukituak dituen dantzarako musika mestizoa.
Kiko Venenok bere azken lana aurkeztuko du "un hombre invisible" izenekoa. Euskal proposamena Tomas San Miguelen trikitixaren eskutik dator
Ttukunak taldearen txalapartarekin batera.

Artisautza eta gastronomia

Aretxabaletako kaleetan artisautza eta gastronomia azokak jarriko
dituzte. Senderismoko III. Azokak ere izango du bere tokia, bertan
audiobisualen proiekzioak, argazki erakusketak, ikastaroak… egongo dira.
Etxeko gaztetxoenek euren txokotxoa izango dute festa handi horretan.

Euskadiko boulder txapelketako finala ospatuko da domeka arratsaldean, modalitate horretako eskalatzaile onenak joango dira Aretxabaletara Mundumira jaialdiari amaiera emateko.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak