Munduko mtb txapeldun Marga Fullana Osintxuko ziklokrosean izango da

Xabier Urtzelai 2009ko urt. 2a, 19:42
Datorren zapatuan, hilak 10, egingo dute Osintxun 2. Soraluce E. Koop. Ziklokros Sari Nagusia, eta azken orduko albistea da mendiko bizikletako Munduko Kopa Txapeldun Marga Fullanak esku hartuko duela proban.

Aurtengo Osintxuko ziklokros probak osagarri asko izango ditu arrakastatsua izateko. Batetik, asteburu horretan egingo dituzten Espainiako Openeko bi lasterketetan lehena izango da Osintxukoa –domekan Itsasondon korrituko dute–, eta horrek esan gura du Euskal Herriko ziklistekin batera Espainiatik ere txirrindulari asko animatuko direla proban parte hartzera. Horrekin batera, Lokatzakoek ibilbide ikusgarriagoa prestatu dute aurtengo probarako, eta hori gutxi balitz, emakumezkoen lasterketa bultzatzeko ahaleginean, azken orduan albiste ezin hobea jaso dute, mendiko bizikletan sekulako ibilbidea egin duen Marga Fullanak –besteak beste aurtengo Munduko Kopa txapelduna– proban egongo dela baieztatu berri du. Hala, Euskadiko txapeldun izan berri den Jone Muxika elgetarrak puntako kontrarioa izango du oraingoan.

Lasterketako ordutegiak

Probari dagokionez, 10:00etan hartuko dute parte emakumezkoek, eliteko gazteek eta master kategoriakoek. 11:00etan kadeteek korrituko dute, 12:00etan gazteek eta 13:00etan 23 urtez azpikoek, eta elitekoek. Lasterketaren gaineko informazio dena urtarrilaren 9an argitaratuko den Goienkaria-n.

Markel Irizar Australiara

Oñatiko ziklistak atseden hartzeko asti gutxi izan du aurten, 2008ko denboraldia inoiz baino beranduago amaitu duelako, eta aldi berean, taldeak urtarrilaren 20an egingo duten Australiako Tour Down Under proban parte hartu behar duela erabaki duelako –hilaren 8an abiatuko da hara–. Australian, besteak beste, mediatikoki horrenbeste oihartzun izan duen Lance Armstrongekin elkartuko da. Australiatik bueltan, Irizar Andaluziako itzulira begira jarriko da, eta ondoren klasikak izango ditu zain. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak