Lehenik eta behin, iluntzean ekitaldi berezia egin zuten Mundukidekoek. Fundazioko lehendakariorde eta idazkari Leire Uriarte eta Patxi Ormazabalek hurrenez hurren hitza hartu zuten, patronatuko kide diren Lanki eta Mondragon ordezkatuz.
Joxe Mari Larrañaga eta Felipe Uriarte boluntario beteranoek ere euren esperientziak kontatu zituzten; eta bideoen bitartez, Marrupan (Mozanbike) eta Brasilen dauden ordezkarien mezuak ere helarazi zituzten.
Horren ostean, Mundukidek 10 urtetan egin duen bidea azaltzen duen bideoa eman zuten. Bertan sortzaileei, kooperanteei eta Mundukidek proiektuak dituen lurraldeetako herritarrei egindako elkarrizketak jasota zeuden. Eta horien artean, ekitaldian zehar omenaldia egin zioten Joxe Mari Sarasua zenari; hilabete gutxi dela zendutako Mundukideko sortzaileari. Hari zuzenduta esan zuten berak, Sarasuak, zituen ametsak errealitate bihurtzea dela Mundukideren eginbeharra.
Gauean, kontzertu distiratsua
Ekitaldiaren ostean, luntxa egin zuten. Eta gauean, berriz, Oreka Tx-en kontzertu-ikuskizuna. Nömadak Tx ikuskizuna eraman zuten Elgetara, eta jende asko hurbildu zen berau ikusi eta entzutera. Txalapartariek egindako bidaiaren ikus-entzunezkoa, txalapartak (jakina), kontrabaxua, perkusioa, saxoa, alboka eta gitarrak agertokia bete zuten ordu eta erdiz.
Txalaparta gidari genuela, munduari buelta egin genion ia eta musika, irudi eta sentsazioz bete gintuzten hara joandakoak.
Mundukideko kideek esan ziguten Oreka Tx aukeratu zutela haiek musikarekin bidaian zehar mundua ezagutu zutelako eta munduko jendea erakutsi zigutelako. Aproposa benetan egin zuten aukera eta emaitza.