MUk Europara egokitutako lau titulu berri eskainiko ditu datorren ikasturtean

Arritxu Barruso 2009ko abu. 20a, 15:04
Mondragon Unibertsitateak pasa den ikasturtean Goi-irakaskuntzako Europar Espaziora egokitu zituen bere tituluetako batzuk eta lehenengo unibertsitatea izan zen egokitzapen horiek egiten. Pozik daude lortutako emaitzekin eta balorazio oso positiboa egin dute. Unibertsitateak adierazi du ingeniaritzan, esaterako, %90ak gainditu dituela ikasketak.

Gaineratu dute Europar Espaziora egokitzeko egin duten apustuaren helburua dela mundu globalizatuan lana egiteko ikasleak hobeto prestatzea teknologia berrien eta hizkuntzen arloan, eta trebakuntza garaian lan-munduko funtsezko eskumen pertsonalak garatzea ikasleengan.

Mondragon Unibertsitateak bide beretik jarraitzen du, bere tituluak Goi-irakaskuntzako Europar Espaziora egokitzen, alegia. Irailean hasiko den ikasturteko eskaintza akademikoan Boloniara egokitutako lau gradu berri eskainiko ditu: Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Haur Hezkuntza eta Lehen hezkuntza.

Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza titulua Mondragon Unibertsitatearen Enpresa eta Zientzien Fakultatean emango da; Oñatiko eta Iruneko kanpusetan. Orain arte Finlandian baino ez da eskaintzen titulu hori eta azaldu dute nazioarteko profil argia duen karrera dela; graduko hirugarren urtean ikaslea sei hilabetez atzerrian egongo da eta laugarrenean amaierako proiektua Europako enpresa batean egingo du.

Gainontzeko hiru gradu titulazioak Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean eskainiko dira. Irakasle ikasketak, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza gradu titulazioetan sartu dira eta lau urteko titulazioak dira orain. Eskaintza honetan, praktiketako aldia zabaldu egin da eta karrera amaierako proiektua gehitu da, laugarren mailako azken seihilekoan egingo dena.

Ikus-entzunezko Komunikazioa graduari dagokionean, euskal hezkuntza sistemako lehenbizikoa izango dela adierazi dute eta Euskadiko ikus-entzunezko klusterrak hartu du parte bere garapenean.

Hori horrela, beraz, Mondragon Unibertsitatean 2009-2010 ikasturtean Europara egokitutako lau titulu berri eskainiko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak