Mondragon Unibertsitatea Goi Mailako Hezkuntzaren Europar Espaziora egokitu da eta datorren ikasturtetik aurrera zortzi titulazio berri eskainiko ditu. Horrela, eskaintza akademikoa europar espaziora egokitu duen Euskal Herriko lehenengo unibertsitatea izango da.
Iosu Zabalak, MUko errektoreak, azaldutakoaren arabera, hezkuntza eredu berriak oso eredu desberdina du ohiko irakaskuntzaren aldean. Hezkuntzaren transmisioa eta irakaslearen protagonismoa oinarri zituen irakaskuntza klasikoa atzean utziko dituzte. Ikasleek protagonismo berezia izango dute, eta ikasketa hauei ezker gai izango dira hezkuntzaren ardura bereganatzeko, taldean lan egiteko, proiektuak zuzentzeko, erabakiak hartzeko, negoziatzeko eta komunikatzeko. Zabalaren hitzetan ikaslea hezkuntza prozesuaren protagonista bilakatuko da, eragile proaktiboa izango da.
Irakasleen eginkizuna ere aldatu egingo da nabarmen. Eredu berrian tutore antzekoak izango dira. Hizkuntzari dagokionean, titulazio berrien oinarri euskara izango den arren, ikasleek ikasketak amaitzean gaztelania eta ingelesa ere modu berdinean menderatu ahal izatea da helburua.
Mugikortasuna da lortu nahi duten beste helburuetako bat, hau da, unibertsitateko ikasleek atzerrira joateko aukera izatea ikasketak amaitu aurretik.
Titulazio berri bakoitzean 60na ikasle inguru izatea espero dute datorren ikasturtean. Dena dela adierazi dute oraindik ikusteko dagoela ikasleek nola erantzungo dieten berrikuntza hauei guztiei.