MUk eta Ingeteamek potentzia elektronikoari buruzko ikerketa-gela bat sortu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko aza. 24a, 17:52
Mondragon Unibertsitateak potentzia elektronikoari buruzko ikerketa-gela bat sortu du Ingeteam enpresarekin elkarlanean. Ikerketa-gelan garatuko diren proiektuen onura zuzena aplikazio industrialean nabarituko da; adibidez, energia era garbiagoan sortuz. Vicente Atxa eta Iker Garmendiak adostu dute bi elkarteen arteko hitzarmena.

Betidanik izan du oso lotura estua Mondragon Unibertsitateak enpresa munduarekin. Gainera, azkeneko urteetan lan handia egin dute ikerkuntzan; batez ere, ikerkuntza kolaboratzailean.
Horren harira, Mondragon Unibertsitateak eta Ingeteamek hitzarmena sinatu dute potentzia elektronikoari eta elektrotekniari buruzko zientzia eta teknologien ikerketa-gela sortzeko.

Altzairu ekonomikoagoa

Ikerketa-gela Garaiako kanpuseko eraikinean kokatuko dute. Gelan garatuko diren ikerketen onura zuzena hainbat aplikazio industrialek jasoko dute; adibidez, altzairua era ekonomikoagoan lortzeko balioko du. Bestalde, banaketa sareak era optimoan eta seguruan kudeatu ahal izango dira, eguraldi txarraren ondorioz sortu daitezkeen itzalaldiak ekidinez. Gainera, energia era garbiagoan sortu ahal izango da. Azkenik, ontzigintzaren sektorean propultsio seguruak eta ez- kutsatzaileak garatuko dira, eta trakzio eraginkorragoko trenak nola sortu ere ikertuko dute.

Unibertsitateak jarritako zuzendaria

Proiektuen arabera aukeratuko da ikerketa-gelan lan egingo duen pertsonala. Esan behar da, unibertsitateak jarritako zuzendaria izango duela gelak, eta jarduera guztiak zuzendu eta planifikatuko dituen arduraduna jarriko duela Ingeteamek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak