Mondragon Unibertsitateak laborategi berria inauguratu du gaur goizean, Erdi Tentsioko Potentzia Elektronikako laborategia, hain justu. Estatuan dagoen horrelako laborategi bakarra da eta honako ikerketa esparruetan lagunduko du: energia garbia eta eraginkorra sortzeko prozesuak, iturri berriztagarrietatik datorren energia era eraginkorrenean integratzeko sortu daitezkeen banaketa sareak, kostuak murriztuko dituzten eragingailu industrial eraginkorrak eta trakzio elektrikoko sistema seguru eta eraginkorrak.
1,3 milioi euro inbertitu dira laborategian, eta energia elektrikoaren alorreko 30 ikertzailek osatutako taldeak egiten du lan bertan. Gainera, instalazioen urteko aurrekontua milioi bat eta erdi eurotik gorakoa da.
Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Industria saileko ordezkariak, Espainiako Hezkuntza Ministeriokoak eta Diputazioakoak.
Jakina da Euskal Herriko industrian automozioak duen garrantzia eta zentzu horretan azaldu dute laborategi berriak automobil elektrikoaren garapenean zeresan handia izango duela.
Baina ikerketarekin, automozioarekin eta industriarekin lotuta, nola ez, gaur egungo krisi ekonomikoa izan da inaugurazio ekitaldian eskainitako hitzen beste protagonista nagusia. Dena dela guztiak ere baikorrak izan dira, bat egin dute esanez Euskal Herrian etxeko lanak ondo egin ditugunez krisiak eragin gutxiago izango duela, eta gaur inauguratutako ekimenei esker ere lehenago irtengo garela krisi egoeratik.