MUk Emakunderen "Emakumeen eta gizonezkoen aukera-berdintasunerako erakunde laguntzailearen" ziurtagiria jaso du

Usoa Agirre 2010eko otsailaren 11

Mondragon Unibertsitateko Enpresa Fakultateak jaso du ziurtagiri hori gaur, eguena, Maria Silvestre Emakumearen Euskal Institutuko zuzendariaren eskutik. Ziurtagiria gizon eta emakume langileen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa hartu duten erakundeen lanari emandako saria da. Hala, ziurtagiri hori jasotzen duen lehen unibertsitatea da MU.

Langileen artean emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa hartzen duten erakundeei ematen die ziurtagiria Emakundek, aukera-berdintasunaren alde gizartean eta lanean sortzen diren ekimenak bultzatzeko. Ildo horretan, Mondragon Unibertsitatearen Enpresa Fakultatea aitzindaria da Euskal Herrian, Berdintasun Plan bat sortu duen lehen unibertsitatea baita.

Berdintasun Plana

Besteak beste, Enpresa Fakultateak enpresa-munduarekin lotura estua duelako eta genero-ikuspegitik fakultatearen egoera zein den jakin nahi duelako egin dute Berdintasunerako Plana. Horrez gain, plana martxan jarri duen taldeak azpimarratu duenez, Mondragon Unibertsitatean "oso garrantzitsua da ikasleak berdintasunean heztea, haiek gidatuko dituztelako etorkizunean gure enpresak eta kooperatibak".

Planaren helburuak

Fakultateak Plan honen bidez hartu duen konpromisoaren gakoetako bat unibertsitateko langile askok parte hartzea izan da, %50ek parte hartu baitu. Fakultatearen diagnostikoa 2009an egin ostean, hobetu beharreko arloak zein diren aztertu eta Ekintza Plana zehaztu zuten. Aurten eta datorren urtean garatuko dituzten berdintasun-neurriak finkatzen ari dira orain. Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak aukera-berdintasunarekin duen konpromisoa berretsi eta datozen bi urteetan hainbat ekimen martxan jartzen lagunduko du Emakunderen sariak.

Zehazki, hobetu beharreko lau arlo hauek jorratzen ari dira:

  1. Langileak emakume eta gizonen arteko berdintasunarekiko sentsibilizatzea eta prestatzea. Berdintasunean oinarritutako lengoaia erabiltzeko bloga eta gida  sortuko dituzte.
  2. Kudeaketa prozesuak, inor baztertzen ez duten sistemak bultzatuz eta emakumeak kudeaketa-organoetan txertatuz. Arlo horretan, lana, bizitza pertsonala eta familia bateratzea da ekintza-lerroetako bat.
  3. Idatzizko eta ikus-entzunezko komunikazioa, hainbat liburuxkaren bidez, jendea hizkuntza ez sexista erabiltzera bultzatzeko.
  4. Laguntzeko produktu eta jardueretan genero-ikuspegia txertatzea.

Gauzatu beharreko ekintzen artean, honako hauek azpimarra daitezke, besteak beste: irakasle eta ikasleei berdintasunari eta genero-ikuspegiari buruzko prestakuntza zehatza ematea, emakumeek kooperatibetan duten partaidetza ikertzea eta ikasgeletan eta material didaktikoetan hizkuntza barneratzailea sustatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak