Mugagabeko greba hasi dute eraikuntza sektorean

Txomin Madina Milikua 2010eko ekainaren 16a

ELA eta LAB sindikatuek deitu dute, eta LABetik adierazi digutenez, patronalarekin negoziatzen ari diren hitzarmenarekin sortu diren arazoen ondorio da greba hau.

Mugagabea da bi sindikatu abertzaleek deitu duten greba: astelehen eta asteartetan lana egingo dute, ez ordea asteazkenetik domekara. Grebaren ondorioak nabarmenak ziren gaur Debagoienean: Olandixoko tuneleko lanak esaterako geldi zeuden, baita Txarapea ibilbidean egiten ari diren etxe multzo berrikoak ere.

LAB sindikatutik azaldu digutenez, patronalarekin negoziatzen ari diren hitzarmenarekin sortu diren arazoen ondorio da greba hau.

Euren esanetan, sindikatu nagusien salaketa da gero eta enpresa gehiago direla langile atzerritarrak kontratatzen dituztenak hitzarmenak markatzen duena baino gutxiago ordainduz. Hori erregulatzea eskatzen diete bai enpresa handiei eta baita azpikontratatutako enpresei ere.

Obrak kontratatzen dituzten erakundeen inplikazioa ere eskatzen dute, baita ikuskatzaileena ere.

Enpresariak, kontra

Adegi, Gipuzkoako enpresarien elkartetik bestalde, greba honek zentzurik ez duela adierazi dute. Euren esanetan, ELA eta LABen eskari bakar hori da negoziazio blokeatzen duena, eta hurrengo hauteskunde sindikaletara begira egindako greba da hau.

Gaineratu dute, enpresariak prest daudela negoziatzen jarraitzeko, eta adierazi dute era berean, Gipuzkoan sektore honek duen hitzarmena dela estatu osoko onena.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak