MU, landa ingurune bizi baten alde

Goiatz Arana Begiristain 2009ko mar. 30a, 18:03
Mondragon Unibertsitatea Gailur Komunitateari batu zaio gaur, astelehena. Landa ingurune bizi baten alde egitea da helburua eta, horretarako, MUk bi hitzarmen sinatu eta konpromiso batzuk hartu ditu bere gain. Etorkizuna landa eta hiri esparruen arteko kohesiotik etorriko dela azaldu du Josu Zabala errektoreak.

Jatorrizko eta kalitatezko elikagaiak, naturaren zaintza eta ondarearen mantenua ziurtatuta daude, landa inguru bizi bat dagoen bitartean. Horretarako, beharrezkoa da gizartearen parte hartzea eta baita enpresa eta erakundeen inplikazioa ere, Debabarrena eta Debagoiena moduko eskualdeetan batez ere. Horretan dihardute landa garapenerako elkarteek eta Itsasmendikoik: lurraren gestioaren gaineko modelo bat adosteko eta elkarlanerako gertu agertu direnekin Gailur Komunitatea sortzen dabiltza. LKS da komunitateko lehen kidea eta MU, bigarrena.

Wifi teknologiaren hedapena

Alde biek hitzarmen bat sinatu dute goizean Itsasmendikoirekin. Akordio horren bitartez, teknologia berriak landa munduan ezarriko dituzte: wifi teknologiak erabiliz, datuak eskuratzeko gailu bat garatzeko konpromisoa hartu dute. "Europan erreferente gara wimax sistemarekin, baina seinalea ez da ondo iristen hainbat puntutara. Egitasmo honek gabezia horiek betetzen lagunduko digu", azaldu du Lander Arregi, Itsasmendikoiko gerenteak. Eta soluzio horiek hobekuntzak ekarriko dituztela lan eremura eta ustiapen txikietako errentagarritasunean eragina izango dutela gaineratu du Josu Zabalak.

Landa garapenerako ideiak bultzatzeko helburuarekin, LKSk antolatutako lehiaketan sarituak izan ziren hiru proiektuetako bat da hori, hain justu. MUko ikasle baten kurtso amaierako proiektua izango da orain, eta unibertsitateko irakasleen laguntzarekin batera Itsasmendikoiko eta LKSko teknikariena ere izango du. Itsasmendikoitik ez dute baztertzen beste bi proiektuak ere garatzeko aukera; eta LKSk, bere aldetik, lehiaketaren beste edizio batzuk antolatzeko asmoa agertu du.

Hitzarmena, Debemen eta Debagaraiarekin ere

Wifi teknologia hedatzeko konpromisoa  hartzeaz bat, MUk beste hitzarmen bat ere sinatu du, Debabarreneko eta Debagoieneko landa-garapeneko elkarteekin –Debemen eta Debagaraia–, bi erakunde horien Ideia eta Proiektu Berrien Lehiaketa MUren Ekiten programan integratzeko.  Landa ingurunearen egitura ekonomikoaren dibertsifikazioa eta berrikuntza ekarriko dituela uste dute sinatzaileek.

Material berriak sortzeko landa-hondakinek eskaintzen dituzten aukerak ikertzeko asmoa ere agertu du Mondragon Unibertsitateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak