Jaurlaritzaren babesarekin, hasi du MUk ikasturte berria

Julen Iriondo 2009ko irailaren 23a

Gaur, eguaztena, hasi du ofizialki ikasturtea Mondragon Unibertsitateak. Patxi Lopez lehendakaria eta Isabel Celaa Hezkuntza sailburua izan dira, besteak beste, Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ekitaldian. Etorkizuneko erronken berri eman dute MUko arduradunek, eta euren babesa eskaini diete Jaurlaritzakoek.

Ikasturtea irekitzeko ekitaldian parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek, Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak besteak beste. Halaber, ekitaldian izan dira Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko unibertsitateko errektoreak, Iñaki Goirizelaia eta Jaime Oraá. Ekitaldira gonbidatutakoen artean izan da baita ere Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkatea.

Patxi Lopez, Iñaki Pierrugues eta Pedro Lasagabaster / Flickr.com - HUHEZI / CC lizentzia

Hasierako hitzaldian, Mondragon Unibertsitateko Iosu Zabala errektoreak unibertsitatearen papera azpimarratu du, bere hitzetan unibertsitatea baita "gizartearen giltzarria, inguruneko enpresa-ehuna eraldatzen ari den herrialde baten etorkizun ekonomiko eta sozialaren gakoa". Eraldaketa hau ezinbestekoa dela adierazi du, etorkizunean fenomeno globalak eragingo dituen aldaketen aurrean babestuago dauden sektore eta posizioetara egokitzeko. Hain zuzen ere, unibertsitatearen eraldatze-funtzio horren inguruan, Mondragon Unibertsitateko buruak nabarmendu egin du unibertsitateak Goi Mailako Hezkuntza Esparru Europarrera moldatzeko egin duen lana, eta prestakuntzaren arloan nahiz proiektu berrietan unibertsitateek berrikuntza sortzearen garrantzia ere azpimarratu du. Hor kokatzen dira, esaterako, Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Mondragon Unibertsitatea buru duen Basque Culinary Center proiektua. Unibertsitateek ikertzeko duten erantzukizuna ere gogoan izan du errektoreak, eta horretarako erakunde eta enpresekin lankidetzan aritu beharra gaineratu du. Zeregin hauetan Jaurlaritzaren babes osoa erakutsi dio Isabel Celaa sailburuak unibertsitateari.

Esparru europarrera moldatutako titulazioak

Ikasturte honetan titulazioak esparru europarrera moldatu dituen lehen euskal unibertsitatea izan da Mondragon Unibertsitatea, eta honez gain lau gradu berri erantsiko dizkio bere eskaintza akademikoari. Hortaz, 11 gradu-titulu emango ditu, eta bigarren zikloko beste zortzi.

Hauek dira aurtengo ikasturtean emango diren titulazio berriak; Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEB); Ikus-entzunezko Komunikazioa; Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntza eta Telekomunikazio Sistemen Ingeniaritza.

Gaurko ekitaldian aurreko urte akademikoaren laburpena egin du Idoia Peñakoba MUko idazkari nagusiak. 2008/2009 ikasturtean 3.494 ikasle matrikulatu ziren. Horietatik, 3.099k gradu-ikasketak egin zituzten eta beste 395ak graduondokoetan eta hirugarren zikloetan matrikulatu ziren. Peñakobak nabarmendu du doktoretza-programetako matrikulazioek izan zuten igoera, %13koa aurreko urtearekin alderatuz.

Goi Mailako Hezkuntza Esparru Europarra ezarri ondorengo lehen urtearen ebaluazioan emaitza bikainak izan zirela ere jakinarazi du Peñakobak, adibidez ingeniaritzaren kasuan, ikasleen %90ak gainditu zituela ikasketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak