Mondrak irabazi du Bergara Hiria Futbol Txapelketa

Goiatz Arana Begiristain 2009ko abuztuaren 30a

Berriz izan da azpi-txapelduna eta Bizkaiko taldeak eraman du jokalari onenaren saria ere. Bergarak ez ditu emaitzak eta sariak alde izan, baina taldea gustura da txapelketan zehar egindako lanarekin.

Atzo, zapatua, jokatu zen txapelketako hirugarren eta azken partidua, Agorrosinen. Bergara eta Mondraren artekoa izan zen eta 2-3 emaitzarekin bukatu zen, arrasatearren alde. Partidu nahiko estua izan zen eta ez zen dominatzaile garbirik izan.

Lehen zatiko aurreneko 30 minutuetan bikain aritu zen Mondra eta markagailuan aurretik jarri zen (0-1). Ondorengo 15 minutuetan, baina, Bergara gehiago izan zen eta berdinketaren gola egin zuen (1-1). Bigarren zatian, lan polita egin zuen Bergarak eta markagailuan aurretik jarri zen (2-1). Azken bost minutuetan, buelta eman zuen partiduak, ordea: Mondrak bi gol sartu zituen. Andres, Keixi eta Murua izan ziren Arrasateko taldeko goleatzaileak; Balzategi eta Loiola, mahoneroen taldetik. Edozein kasutan ere, freskotasun eta erritmo falta apur bat erakutsi zuten talde biek; oraindik ere aurre-denboraldian gauden seinale.

Txapelketako lehen neurketa Bergarak eta Berrizek jokatu zuten eguenean; eta bigarrena Mondrak eta Berrizek, egubakoitzean. 1-2 eta 0-0 emaitzekin bukatu ziren, hurrenez hurren.

Ligarako prestatzen

Bergarako taldeko entrenatzaile Manu Diaz eta Mondrako Andoni Azkargorta bat etorri ziren gisa honetako partiduak forma hartzeko eta motorrak berotzen joateko ondo datozela esaterakoan. Arrasatekoek irailaren 12an jokatuko dute denboraldiko lehen partidua, Hondarribian. Ohorezko mailara itzulita –orain arte Preferentea izan dena–, Bergarakoek ere hamabost egun barru hasiko dute Liga; etxean izango dute lehen neurketa, Hernaniren kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak