Mondrak etxean irabazi du (2-0), eta etxetik kanpora berdindu duten Bergarak eta Aloña Mendik gehiago merezi izan dute

Xabier Urtzelai 2010ko urt. 16a, 22:29
Mondrak 2-0 irabazi dio Hondarribiari, sailkapenean kontrario zuzena zen taldea. Partidua ez da ona izan, batez ere lehenengo zatia, baina defentsan izandako seriotasunean oinarriturik, bigarrenean merezitako garaipena eskuratu du Mondrak. Bergarak, berriz, 2-2 egin du Hernanin, eta Aloñak 0-0 egin du Ordizian.

Urteko lehenengo partiduari etekin ona atera dio Mondrak (2-0). Lehenengo zatia ez da ona izan, Hondarribia zertxobait hobeto ibili da, eta kostaldeko mutilek gol aukera on bat izan dute markagailuan aurreratzeko; epaileak, baina, jokoz kanpo adierazi du, eta ez, ez da jokoz kanporik egon.

 

Bigarren zatian Mondra hobeto hasi da, kontrarioa gehiago estutzen, eta jokaldiak hobeto lantzen. Hondarribiak berak erraztasun handiak eman ditu, defentsan, batez ere. Korner batean egin du Tenak 1-0ekoa, eta harmailetan Mondraren aldeko kantuekin eztarria urratzen zebilen Peña Baranda taldeari eskaini dio gola. Detaile polita izan da.

 

Hondarribiak opariak egiten jarraitu du, eta Mondra horiek aprobetxatzen. Julen Heriz zelairatu denean igarri egin da haren aportazioa, Arrasateko aurrelariak gainontzekoek baino martxa bat gehiago du. Herizek hasi du kontraerasoko jokaldia, korrikaldi ederra, eta haren pasea errematatzerakoan Muruak eta Lazpiurrek asmatu ez badute ere, Jokin Pavo iritsi da azken lerrotik 2-0ekoa egiteko.

 

Etxetik kanpora, berdinduta

 

Bergara eta Aloña Mendi, berriz, egin duten esfortzuarendako sari txikia eskuratu duten sentsazioarekin itzuli dira Hernanitik eta Ordiziatik. Bergararen kasuan, nabarmen, taldeak denboraldiko lehenengo zati onenetakoa egin duelako, eta markagailuan 0-2 egon delako. Aloñak ere gol aukera garbiak izan ditu partidua irabazteko, baina ez dute ate aurrean asmatu. Aloñako entrenatzaile berria, baina, gustura geratu da taldeak emandako itxurarekin

 

UDAK, bihar

 

Aretxabaletak bihar, domeka, jokatuko du sailkapenean atzerago dagoen Retuertoren kontra (16:30). Kronika guztiak Asteleheneko Goienkaria-

n izango dituzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak