Mondrak eta UDAk berdindu eta Aloñak Zestoan galdu

Edu Mendibil 2008ko api. 6a, 22:33
Mondrak bana berdindu zuen atzo etxean, Euskaldunaren aurka. UDAk emaitza bera ekarri zuen Errenteriatik, Touringen etxetik, eta Aloñak galdu egin zuen Zestoan, 2-1. Liga amaierara arte sufritu beharko dute oñatiarrek.

Azken minutuan, hiru puntuak ihes egiteko zorian zirenean, berdindu zuen Mondrak partidua. Gutxienik puntu bat merezi zuten Igor Gordobilen jokalariek eta azkenean eskuratu zuten saria, eskasa agian, Euskaldunak ezer gutxi egin zuela ikusita. Andoaindarrak aurreratu ziren markagailuan, 20. minutuan, Iker Arazkonaga Arrasateko atzelariak bere atean sartutako gol bati esker. Hortik aurrera, atzean sartu eta emaitzari eustera, defenditzera mugatu ziren bisitariak.
Hala ere, Mondrak ez zuen arrisku handirik sortu lehenbiziko zatian. Nabarmentzekoa 42. minutuan Arkaitzek areaz kanpotik egindako jaurtiketa; argi ibili zen Ezkurdia atezaina.
Hain zuzen ere, Ezkurdia atezaina izan zen bisitarien jokalaririk onena. Bigarren zatian lan ugari izan zuen eta gelditu bikainak egin zituen. Aurretik, 47. minutuan aukera ederra izan zuten bisitariek Luqueren hanketan. Ruiz de Azua atezaina gaindituta, Rubenek gol marratik atera zuen baloia.

 

Mondra nagusi jarraipenean

Etxekoek gogor egin zuten erasora eta hurrengo jokaldian, 48. minutuan, etorri zen partiduko jokaldi eztabaidagarriena: penalti garbia egin zioten Laspiurri, baina epaileak ez zuen ezer adierazi eta erabaki horrek jokalarien eta zaleen animuak piztu zituen. Hori gutxi balitz, 60. minutuan, beste penalti bat eskatu zuten Mondrakoek, Murua area barruan jausi eta gero. Ez zen hain garbia izan eta Mondrako aurrelariak txartela ikusi zuen bere burua botatzearren.
Zelai erdian nagusitu arren, ez zen berdinketaren gola iristen, zaleen atsekaberako. Bazirudien andoaindarrek irabaziko zutela partidua. 87. minutuan partidua erabakita uzteko aukera ederra izan zuen De Lucasek, baina bakar bakarrik zegoela huts egin zuen Ruiz de Azuaren aurrean.
Jarraian, Rubenen burukada bati erantzun bikaina eman zion Ezkurdiak; area txikian urrunketa jaso eta gola egin zuen Maikelek, zaleen zoramenerako.

UDA, zazpigarren tokian

 

 

Aukera ederra galdu zuen UDAk Touring taldearen etxean, Fanderia futbol zelaian, irabazteko. Errenteriarrak sailkapeneko azken tokian daude baina aretxabaletarrak puntu bakar batekin konformatu behar izan ziren. Aretxabaleta aurreratu zen markagailuan, 25. minutuan Alain Gomezek egindako gol batekin. Defentsari aurrea hartu zion Gomezek eta baloia sareetara bidali zuen. Atsedenaren aurretik bigarren gola egiteko pare bat aukera izan zuten Arenazaren mutilek, baina Oinatz Agirrek eta Imanol Rodriguezek ez zuten asmatu.


Bigarren zatian, motel hasi ziren UDAkoak eta zuzeneko falta jaurtiketa baten bidez berdiketa egin zuen Touringek. UDA ez zen berdinketarekin konformatzen, eta partiduaren amaieran, Oinatz Agirrek bi aukera garbi galdu zituen. Zazpigarren postuari eusten dio UDAk eta domekan Aurrera Ondarroaren bisita izango du Ibarran.

 

Aloña, bolada txarrean

Aste Santuko osteko atsedenaldiak ez dio onik egin Aloñari eta atzo berriro galdu zuen. Sailkapeneko zuloan dagoen Zestoaren etxean ere ez dira gauza oñatiarrak punturik ateratzeko. Zubiaren mutilek 2-1 galdu zuten zapatuan. Ahazteko moduko boladarekin jarraitzen dute oñatiarrek eta liga amaierara arte sufritu beharko dute mailari eutsi ahal izateko.
Zestoa aurreratu zen markagailuan eta atsedenaren aurretik Roberto Ugartek egin zuen banakoa. Hala ere, bigarren zatian garaipenaren gola lortu zuten etxekoek. Maiztegik eta Sanchez oñatiarrak kanporatu zituen epaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak