Mondrak eta Aloñak 2-2 berdindu dute ligako azken derbia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko mai. 18a, 23:25
Orokorrean, derbiak intentsitate handikoak izaten dira; baina, gaurko Mojategiko derbiak ez du inolako bizitasunik izan. Lehia 2-2 amaitu da. Datorren astean amaituko dute liga.

Derbiko une hunkigarrienak partidua hasi aurretik bizi izan ziren. Mondra taldeko Ruben Ruedak eta Iban Garai Muxik zaleen eta taldekideen omenaldia jaso zuten. Gainera, Aloñak Mendik ere omenaldian parte hartu gura izan zuen eta Ruedari Aloñako kamiseta bat oparitu zion. Gero, bigarren une hunkigarria etorri zen. Minutu bateko isilunea gorde zen Mondrako Keixi jokalariaren aitaren omenez.

Ezer ez jokoan

Esan bezala, partiduak ez zuen bizitasunik izan. Bi taldeek ezer ez zuten jokoan eta hori zelaian nabarmen igarri zen. Baloi luzeak jaurti zituzten bi taldeek, zelai erdiaren kontrola hartu gabe.
Lehenengo zatiko 12. minutuan, aurreratu zuen etxeko taldea Julen Herizek. Minutu gutxira, Aloñak berdinketa egiteko aukera izan zuen baina Robertok ezkerreko hegaletik erdiratutako baloira ez zen iritsi Camino. Berdinketaren gola, Aramendik egin zuen falta baten ondoren. Buruz errematatu zuen baloia erdilari oñatiarrak eta gol polita sartu zuen. Banako berdinketarekin joan ziren aldagelatara.

Minutu gutxiko jokalariak

Aloñaren berdinketa eta gero, oñatiarrak zerbait gehiago izan ziren zelaian. Hala, bigarren zatiko 17. minutuan, Aramendik Aloñaren bigarren gola egin zuen. Area ertzetik jaurti zuen baloia oñatiarrak; eta, Ander atezaina zerbait aurreratuta harrapatu zuen.
Bigarren zatian, bai Mondrako eta bai Aloñako entrenatzaileek aldaketa asko egin zituzten. Jokoan ezer ez egonda, txapelketan zehar minutu gutxi jokatu duten jokalariei eman zieten aukera entrenatzaileek.
Etxekoen berdinketa, 75. minutuan etorri zen. Barrenak gaizki urrundutako baloia Maikelek jaso zuen eta hark baloia sareetan sartu zuen.

Txartelik ez

Partidu lasaia izan zen adierazle, epailearen lana izan zen. Txartel bakar bat ere ez zuen atera atzo Blanco jaunak. Amaieran Mondrako atezain Anderrek esan zuen "garaipena" eskaini gura ziotela Keixiri. Atzo, baina, berdinketarekin konformatu behar izan zuten.
Sailkapenari begira, Mondra 7. postuan dago 46 punturekin. Aloña, ostera, 10. postuan dago 42 punturekin. Datorren astean ligako azkeneko partidua jokatuko dute; Aloñak etxean Touring-ekin eta Mondrak, Zestoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak