Mondragon Unibertsitea Cumulus diseinu eskola sarearen kide egin da

Arritxu Barruso 2007ko abu. 21a, 15:44
Mondragon Unibertsitatea Cumulus diseinu eskolen munduko sare ospetsuan sartu da. Cumulus diseinu-eskolen nazioarteko elkarteen artean izen handikoa da.

Mondragon Unibertsitatea Alemanian izandako azken Biltzarren ondoren sartu da aipatutako sarean. Cumulus diseinu-eskolen sareak gaur egun 124 kide ditu guztira.

Cumulus Sarea 1990ean sortu zuten eta unibertsitateen arteko ezagutza batuz hezkuntzaren kalitatea hobetzea zuten helburu. 2001ean sarea elkarte bihurtu zen, eta gaur egun kideen artean era guztietako herrialdeak daude: besteak beste, Brasil, Kanada eta Korea.

MUk hamar urte inguru daramatza Industri Diseinua garatzen, eta alor horretan lortutako esperientzia izan da, hain zuzen ere, sare berri horretan sartu ahal izateko oinarrietako bat.

Cumulus Sareak diseinatzeko erabiltzen duen metodologia eta Mondragon Unibertsitatearena oso antzekoak dira. Beraz, proiektuak bateratzeko eta lantzeko aukera ugari sortuko dira. Era berean, sarean sartu ondoren, Mondragon Unibertsitateak hainbat alorretan egiten ari den lana munduan ezagutzera emateko aukera izango du.

Unibertsitateko ikasleei ere abantaila ugari ekarriko dizkie MU Cumulus sarean sartu izanak. Kanpora joateko aukera berriak izango dituzte eta sareko kide diren unibertsitateetan eta nazioarteko zentroetan osatuko dituzte ikasketak. Gainera, atzerritik datozen eraginei ere sarbidea emango zaie MUn. Horrela, sareko unibertsitateko ikasleek Euskadira eta Mondragon Unibertsitatera etorri eta bertako filosofia ezagutu ahal izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak