Campus berria Oñatiko Ibarrako kirol-guneko lursailetan eraiki da, 20.000 metro koadro baino gehiagoko azalera batean. Eraikinak berak 9.000 metro koadro inguru ditu. Gaur egun, Enpresagintza Fakultatean 700 ikasle ari dira graduak, graduondokoak eta doktoretzak egiten. Baina, instalazio berriek 1.000 ikasle hartzeko gaitasuna izango dute.
Campus berriak enpresa kudeaketari buruzko prestakuntzan eta ikerketan nazioarteko erreferente bilakatu nahi du. Mondragon Unibertsitateko arduradunek azaldu dute helburua garbia dela: balio-kate berean unibertsitate mailako irakaskuntza eta transferentziara bideratutako ikerketa batzea; hori guztia enpresa kudeaketarekin lotuta.