Mondragon Unibertsitateak MUtelebista sortu du, Internet bidezko telebista

Usoa Agirre 2010ko ira. 29a, 13:27
MUtelebistak hiru atal izango ditu: asteroko erreportajeak, zuzeneko emanaldiak streaming bidez eta bideo gordailu bat. Gaur aurkeztutako erreportajeak, lehenak, ikasle berriak ditu mintzagai, unibertsitatera heldu berriak. MUtelebista izango da Mondragon taldeko lehen telebista korporatiboa.

Bideoak eta zuzenekoak

Asteazkenero eguerdietan, MUtelebistak 3 minutuko albistegiak pantailaratuko ditu, batzuetan erreportaje bakarrekoak, bestetan hainbat gai jorratuta. Noiz edo behin, bestalde, ekitaldi esanguratsuak gertatzen direnean (Komunikaldiak, Literatura astea, jardunaldiak...), MUtelebistak streaminga erabiliko du berauek zuzenean transmititzeko. Froga moduan, irailaren 6an era horretan eman zen Mondragon Unibertsitatearen 2010-2011 ikasturte hasiera ofiziala. MUtelebistak izango du hirugarren atal bat, gordailua, eta hor erakutsiko dira unibertsitateko ikasleek zein irakasleek egindako ikus-entzunezko lanak.

Euskaraz eta azpidatzita

Euskara izango da hizkuntza ofiziala MUtelebistan, baina eduki guztiak azpidatzita joango dira, gaztelaniaz eta ingelesez. Norbaitek gaztelaniaz hitz egiten badu, azpidatziak euskaraz eta ingelesez agertuko dira, hizlariaren ahotsa bikoiztu barik. Eta ingelesez hitz egiten duenari azpidatziak euskaraz eta gaztelaniaz ezarriko zaizkio.

Taldea

Ikus-entzunezko komunikazioa karrera arduratuko da MUtelebista egiteaz, Idoia Astigarraga irakasleak koordinatuta. Idurre Lazkanok eramango du ardura teknikoa, eta lan horretan Itziar Irizar ikaslearen laguntza izango du; Irizarrek aurkeztu ere egingo ditu albistegiak. Horien atzean erredakzio batzorde bat arituko da, hiru fakultateetako ordezkariekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak