Mondragon Taldearen emaitza bateratu korporatiboak %90 jaitsi ziren 2008an

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko maiatzaren 28a

Mondragon taldearen emaitza bateratu korporatiboak nabarmen murriztu ziren 2008an. Emaitza bateratua 71 milioikoa izan zen. Datu hori, 2007koa baino nabarmen urriagoa izanda ere, Korporazioan positibotzat jo dute, kontuan hartuta finantza arloak bizi duen egoera larria.

Mondragon taldeko ordezkarien berbetan 2008ko ekitaldiaren ezaugarriak izan dira finantza sistemaren kolapsoa, finantza krisi sakona, kontsumoaren eta ekoizpen jaitsiera eta Espainia osoan eraikuntzak izan duen hondoratzea. Diote, hala ere, egora horretan Mondragon taldeak 16 mila milioi euroko sarrerak izan zituela iaz.

Sarrera horiek, 2007arekin alderatuta, %6ko hazkundea izan dute termino homogeneoetan, hau da, oinarritzat gaur egungo kooperatibak hartuta. Diru-sarrerak arloka banatuta: 6 mila milioi industria arloari dagozkio, 9 mila milioi banaketa arloari eta mila milioi finantza arloari.

Lanpostu gehiago

Lanpostuei dagokienez, 1.700 enplegu berri sortu ziren 2008an, lanpostuak 92.773ra iritsiz –iaz baino %1,9 gehiago–.

Inbertsioa behera

2008ko datu denak ez ziren onak izan.  Inbertsioa 1.300 milioi eurokoa izan zen 2007koa baina nabarmen txikiagoa. Inbertsioen helburua garapena sendotzea, enpresen lehiakortasuna hobetzea, nazioartean hedatzea eta jarduera berriak sustatzea izan zen. 

10 planta berri

Mondragon taldeak atzerrian 10 planta berri ireki zituen 2008an; ondorioz, atzerriko lantegiak 73 izatera pasa dira, 16 herrialdetan banatuta. Esan behar da, Txinan bezala, Indian ere beste Industrialde Korporatibo bat zabalduko duela Mondragon taldeak Mumbaitik hurbil. Proiektua aurtengo bigarren seihilekoan eraikitzen hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak