Mondragon Taldeak Mondragon Health sortu du, osasun arloa ardatz izango duen arrama

Txomin Madina Milikua 2009ko abe. 10a, 20:11
Ekimen honen aurkezpen gisa, jardunaldi batzuk egin dituzte gaur garaia Berrikuntza Gunean. Hirugarren adinekoen osasun zerbitzuetan sakondu dute jardunaldi hauetan.

Javier Sotil Mondragon Taldeko Berrikuntza, Sustapen eta Ezagutza lehendakariordeak azaldu duenez, Taldearen hastapenetan osasun arloa egon bazegoen arren, azken urteetan industriarantz egin dute gehienbat eta berriz ere osasunari  heldu gura izan diote. Krisi garaian merkatu berriak irekitzeko ere aukera izan daitekeela gehitu du Sotilek, enplegu iraunkorra sortzeko bidea.

Sotilen esanetan apaltasunez hasi gura dute osasun arloan, orain arte zerbitzu, kudeaketa edo teknologia arloan ikasitakoek lagunduta. Lehen urratsak eman dituzte gainera, hirugarren adinekoekin hain zuzen ere. Horren adibide jarri dute Aretxabaletako GSR egoitza.

Mikel Alvarez da Mondragon Healthen zuzendari orokorra.

Sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlana

Mondragon Healthen aurkezpen gisa, osasunari buruzko jardunaldi batzuk egin dituzte gaur osasun arloarekin lotutako 100 pertsona baino gehiagok. Hirugarren adinekoen osasun zerbitzuak aztertu dituzte bertan.

Jardunaldi hauetan, Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak parte hartu du. Mondragon Health ekimena ideia bikaina iruditu zaio eta sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlanaren aldeko agertu da.

Bengoak gainera, bere sailak dituen erronkei buruz hitz egin du. Azaldu du gaixotasun kronikoak ondo kudeatzea dela erronka garrantzitsuena eta horretarako, egungo sisteman aldaketak batzuk egin gura dituztela, teknologia berriez baliatuz eta eredu proaktiboagoa jarraituz.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak