Mondragon taldean krisirik ez dagoela azpimarratu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko mai. 27a, 20:14
Mondragon taldeak 2007ko gestio txostena aurkeztu du gaur prentsaren aurrean. Azken asteetan Mondragon taldea albiste izan da Ampo koperatiba taldetik irten delako eta Irizar ere hori aztertzen dabilelako. Hori dela-eta, prentsaurrekoan garrantzi handia izan du gai horrek.

Juan Mari Otaegi Mondragon taldeko lehendakari ordea, Jose Mari Aldekoa Mondragon kontseilu orokorreko lehendakaria eta Constan Dacosta Mondragon taldeko lehendakari ordea izan dira prentsaurrekoan. Kontseilu orokorreko lehendakaria den Aldekoak hartu du hitza lehenengo.

Ampo eta Irizar

Kazetarien galderen zain egon beharrean eta, Mondragon taldeak iazko urtean izandako irabazien berri eman ondoren, Ampo eta Irizar auziaren gainean berba egin du Aldekoak. Prozesu "normala" dela esan du. Gaineratu du "erregulatuta" dagoen prozesua dela eta Anpo taldeak behar den bezala egin dituela gauzak.

Onartu du egia dela Ampo eta Irizar kooperatibek gestio modelo berezia dutela; baina, esan du kooperatibetako "gestio modeloarekin ados" daudela bi kooperatiba horiek. Azken finean, kooperatiba bakoitzak gestio modelo orokor horretatik zerbait ikasi duela eta norberak bere egoerara moldatu duela esan du Aldekoak. Gaineratu du, kooperatiba bakoitzak bere gestio modeloa martxan jartzeko eskubide oso duela.

Erabakiaren kalteak

Erabaki horrek eragindako kaltearen gainean, Aldekoak dio kaltea kanpoko irudiari egin diotela; ez horrenbeste taldeari. "Indartsua eta bateratua den talde batetik norbaitek irteten duenean, beti egiten da kaltea. Batez ere, kanpoan ematen den irudiari egiten zaio kaltea", dio Aldekoak. "Familia batetik norbait joatea bezala da", gaineratu du.

Azkenik, esan du elkarte barruko kooperatibek Ampo eta Irizarrekin duten salerosketek ez dutela zertan egoera nabaritu behar. Salerosketek berdin jarraituko dutela esan du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak