Mondragon Taldeak 61 milioi euroko etekinak izan zituen iaz, 2008an baino %14,2 gutxiago

Txomin Madina Milikua 2010ko eka. 1a, 19:21
Lanpostuei dagokienez, lehenengo aldiz behera egin du Taldeko langile kopuruak: 85.066 langile izan zituen batez beste iaz, eta horrek, %8,3ko jaitsiera esan gura du. Taldetik baina, emaitzak positibotzat jo dituzte eta esan dute krisiari aurre egiteko hartutako neurriak hasi direla emaitzak ematen.

Mondragon Taldekoek eurek adierazi duten moduan, ekitaldi bereziki zaila izan zen iazkoa, batez ere urtearen lehen seihilekoan. Zailtasunak zailtasun baina, taldeak 61 milioi euroko etekinak lortu zituen; hori bai, 2008an baino %14,2 gutxiago.

Taldetik zehaztu dutenez, korporazioa hiru arlo handitan dibertsifikatuta egoteari esker eta hainbat merkatu eta sektoretan  presentzia edukitzeari esker krisi ekonomikoaren eragina hobeto jasan ahal izan dute, ekitaldi amaieran emaitza positiboak lortuz. Azaldu dutenez, horretan ere lagundu dute 2009an kooperatiben lehiakortasuna hobetzeko hartutako egoeraren araberako doikuntza neurri eta neurri estrukturalek. Neurri horien artean zeuden negozioen birrorientazioa, langileen birkokapena edo soldaten doikuntzak.

Ekitaldian zehar, sarrerak guztira 14.780 milioi eurokoak izan ziren, duela bi urte baino %11,9 gutxiago. Aipatzekoa da baina, industria arloko sarreren %20a duela bost urte ez zeuden produktu eta zerbitzuetatik etorri direla. Emaitza operatibo gordinek ere beheranzko joera erakutsi zuten; %8,6 gutxiago, hain zuzen ere.

Ustiapen kontuak, 2008an lortutakoa bikoiztu zuen, 370 milioi eurotara iritsiz. Dena den, korporaziotik zehazten dutenez, zuhurtziagatik horniduretarako 2008an baino hiru aldiz handiagoak diren zenbatekoak bideratu dir, eta horrek azkenean ateratzen den zifra apalagoa egiten du.

Langile kopuruak behera

Enpleguari erreparatuta, batez beste 85.066 langile zituen iaz korporazioak eta horrek esan gura du goranzko joera hautsi eta lehenengo aldiz behera egin duela langile kopuruak, %8,3 hain justu ere. Dena den, ekitaldiaren bigarren zatia hobea izan zen eta industrian lehenengo zatian galdutako lanpostuetatik 938 berreskuratu ziren.

Jarduera arloei dagokienez, orokorrean sektore guztietan nabaritu dute krisiaren eragina, batez ere eraikuntzan eta etxeko kontsumo iraunkorreko ondasunetan.

Krisiak krisi, inbertsioak egiten jarraitu zuen 2009an Mondragon Taldeak: industria arloak 325 milioi euro inbertitu zituen eta azaleratzen doazen sektoreetan bost industria jarduera berri jarri ziren martxan. Nazioartean gainera, bi ekoizpen lantegi berri ireki ziren iaz eta ikerkuntza, garapen eta berrikuntzarako 132 milioi euro bideratu ziren

Balorazio positiboa

Jose  Maria Aldekoa Mondragon Taldeko lehendakariaren hitzetan, salmentak murriztu arren, korporazioak beharrezko egokitzapen eta esfortzuak egin ditu 2008az geroztik aplikatutako neurri enpresarial multzo handi baten bidez. Gehitu du neurri horiek arrakastatsuak izan direla, eta horren adierazle dela 2009ko hiruhilekoen bilakaerak azaltzen dituen gorantzako emaitzak.

Azpimarratu du era berean, industria arloan urteko lehen seihilekoan galdutako enpleguen heren bat 2009ko itxieran berreskuratu zutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak