Mintzapraktika programetarako izenemate epea zabalik dute

Mireia Bikuña 2009ko urr. 14a, 13:43
Barriketan, Zaharberri eta Berriketan taldetan parte hartu gura dutenek Aretxabaletako udal euskara zerbitzuan, udal euskaltegian edo Loramendi Elkartean; Arrasateko AED elkartean, udal euskaltegian edo AEK euskaltegian; eta Bergarako udal euskara zerbitzuan, Jardun Elkartean edo udal euskaltegian eman dezakete izena.

Mintzapraktika saioen aurkezpena egiteko prentsaurrekoa egin zuten atzo Bergaran. Helburua lagun euskalduna eskainiz, euskararen erabilera bultzatzea eta zabaltzea dela esan zuen Jarduneko Maitane Arizabaletak: "Mintzapraktika programekin euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, euskaraz hitz egiteko ohitura ez dutenekin elkartu gura ditugu".

Bi eta bost ikasle artean

Mintzapraktikako talde bakoitza bi, hiru, lau edo bost lagunek osatzen dute, eta astean behin elkartuko dira. "Kideen zaletasunak, gustuak, adinak, bizitokiak eta ordutegiak kontutaa hartuta egiten ditugu taldeak", esan zuen AED elkarteko kide Maitena Aranak.
Bestalde, noizbehinka ekintza osagarriak antolatzen dituzte; besteak beste, ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak eta kultura irteerak. Ikasturtea bukatzeko Euskal Herriko mintzapraktika programetan parte hartu duten guztiekin Mintza Egunean elkartuko dira.

100 lagun baino gehiago

Badira urte batzuk mintzapraktika saioak martxan daudena Aretxabaletan, Arrasaten eta  Bergaran. Iaz 100etik gora lagunek parte hartu zuten hainbat taldetan: Aretxabaletan 27 lagun ibili ziren sei taldetan; Bergaran 50 lagun 19 taldetan; eta Arrasaten 48 lagun 14 taldetan. "Adin guztietako pertsonek dihardute mintzapraktika saioetan. Dena den, zailena euskaldun zaharrak topatzea da. Beraz, euskaldun zaharrei gonbita berezia egin gura diegu", esan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak