Migel Madariaga pozik, 2008rako osatutako taldearekin

Goiatz Arana Begiristain 2008ko otsailaren 1a

Migel Madariaga Euskaltel-Euskadiko managerra gustura dago 2008rako osatutako taldearekin. Samuel Sanchez taldeko izarra dela aitortu arren, itxaropentsu agertu da Iban Velasco arrasatearrak eta Markel Irizar oñatiarrak egin dezaketen lanarekin.

“Gustura egoteko moduan nago”. Hitz horiekin erantzun digu Migel Madariaga Euskaltel-Euskadi taldeko managerrak, 2008 urteko denboraldirako osatutako taldeari buruz galdetu diogunean. Samuel Sanchezek berritu egin du eurekin eta horixe du taldeko izartzat. “Txirrindulari petoa da eta taldeko filosofia ondo ulertzen duena”, dio Madariagak.

Baina haren ondoan badira beste txirrindulari batzuk ere apurka-apurka estutzen doazenak eta, lemoiztarraren hitzetan, iaz bezalako denboraldia egin ezkero, taldea goikoen artean egongo da, ondo zuzenduta.

Iban Velasco eta Markel Irizar

Taldeko txirrindulari debagoiendarrei dagokienean, itxaropentsu agertu da: “Iban Velasco arrasatearrak itzuli ederra egin du Australian eta lan ona egiten jarraitu dezake. Markel Irizar oñatiarrak, berriz, denboraldi honetan aurrekoan baino zerbait handiagoa egin behar du. Baina urte guztiak ez dira berdinak, eta nor bere tokian egotea da garrantzitsuena”.

Garaipenen gainetik, garrantzitsuena talde lana egitea dela kontatu digu, hori dela gakoa. Baina, eskatzen hasita,  Migel Madariagari gustatuko litzaioke Euskal Bizikletan eta Euskadiko Itzulian lan txukuna egitea, eta Tourrean etapatxoren bat irabazi eta aurre-aurrean egotea.

Italiako Giroa

Talde gaztea eta bertako txirrindulariekin osatutakoa da Euskaltel-Euskadirena eta, hori horrela izanik, ezinezkotzat jotzen du managerrak hiru handietan topera egotea. Gauzak horrela, nahiago du Italiako Giroa alde batera utzi eta Espainiako Itzulian eta Frantziako Tourrean ahalik eta ondoen ibiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak