Microsoft enpresa Garaia Berrikuntza Gunean zentro espezializatua irekitzeko negoziaziotan dabil

Txomin Madina Milikua 2007ko azaroaren 7a

Ezer sinatuta ez dagoen arren, Garaiako arduradunek espero dute 2008 urteko lehen hiruhilekoan zentro berria martxan egotea. Andoni Gartzia Garaiako kudeatzailearen adierazpenak bildu ditugu hemen.

Bada urtebete zentro berria Garaia Berrikuntza Gunean abiarazteko Microsoft enpresa eta MCC taldea, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa eta Gaia, Euskadiko Telekomunikazio Klusterra elkarrizketetan dabiltzala.

Andoni Gartzia Garaia Berrikuntza Guneko kudeatzaileak esan duenez, ezer erabakita ez badago ere, negoziazioak bide onetik doaz. Dena enpresa Garaian kokatuko balitz, hasera baten behintzat ez duela berehalakoan lanpostu asko sortuko aurreratu du Gartziak, pixkanaka pixkanaka joatea baita asmoa.

Garaiak Microsofti hainbat enpresa, unibertsitate zein erakunderekin elkarlanean aritzeko gunea eskainiko diola adierazi du Gartziak, eta era berean, Microsoft Arrasaten kokatzea, Garaia Berrikuntza Gunearentzat eta orokorrean Debagoienarentzat berri pozgarria dela azpimarratu du.

Gartziaren adierazpenak



Microsoft, informatikan erreferente

Microsoft enpresa 1975ean sortu zuten Paul Allen eta Bill Gatesek, eta urte hauetan guztietan informatikako enpresa garrantzitsuenetako izatea lortu du. Mundu guztian erabiltzen diren software aplikazioen %50a eurek egiten dute eta Microsoftena da adibidez, Windows sistema eragilea.

Iaz, 51120 milioi euroko diru sarrerak lortu zituen, eta 76 mila langile pasatxo zeuzkan Microsoften. Espainiar Estatuan, bost berrikuntza gune ditu tokiko erakunde lokalekin elkarlanean eta urtero, 4820 milioi euro inbertitzen ditu ikerketa, garapen eta berrikuntzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak