MCCk egubakoitzean aukeratuko du presidente berria

Eneko Azkarate Laspiur 2006ko abe. 14a, 18:59

Jose Maria Aldekoa, Txomin Gartzia eta Javier Mutuberria. Horietako batek ordezkatuko du Jesus Catania MCCko Kontseilu Orokorreko presidente karguan. Izan ere, MCC taldearen batzar iraunkorra gaur goizean, abenduaren 14an, batzartuko da Olandixon duen egoitzan. Aztergaien artean, buru berria aukeratzea. Jesus Cataniak, azken sei urteotan MCCko Kontseilu Orokorreko presidentea izan denak, erretiroa hartuko du datorren urtean.

Hiru hautagaiak MCCko presidente ordeak eta Kontseilu Orokorreko kideak dira: Jose Mari Aldekoa automobilgintza saileko presidente ordea da (Fagor Ederlan, Batz, Ecenarro, Luzuriaga, Maier...) eta Fagorren eta MCCko erabaki organoetan esperientzia handia dauka; Txomin Gartzia, Ulmako zuzendari nagusia da; Javier Mutuberria, Oronako zuzendari nagusia.

Beteranoena Aldekoa

Hiruretatik beteranoena eta korporazioan esperientzia handiena duena da Jose Mari Aldekoa. Orain dela sei urte Jesus Catania aukeratu zutenean ere haren izena egon zen hautagaien artean. Hori horrela, hasiera batean behinik behin, MCCko buru berri izateko aukera handienak dituena da.

Indar berritzailea

Hala ere, azken egunotan, Txomin Gartzia eta Jabier Mutuberria nabarmendu dira gero eta gehiago. Eta biek bat egingo balute eta Aldekoaren alternatiba eta hautagai bakar moduan aurkeztuko balira batzorde iraunkorraren aurrean, aukerak izango lituzkete. Bai Ulmako zuzendari nagusia eta baita Oronakoa, Aldekoa baino gazteagoak dira, berriagoak MCCn, eta, bestalde, oso emaitza onak lortu dituzte euren taldeetan, horixe da euren berme eta aurkezpen gutun nagusia.

Lehia handia

Hortaz, Cataniaren ordezkoa zein izango den aldez aurretik jakitea zaila da, inoiz baino zailagoa. Kontua ez dago hain argi, hasieran uste zen bezala. Argi dagoena da hiru horien artetik aterako dela MCCko buru berria eta batzorde iraunkorreko kideek —Juan Mari Otaegi da burua eta 20 lagunek dute botoa emateko aukera— bi aukera izango dituztela mahai gainean: batetik, Aldekoaren esperientzia eta, bestetik, Gartzia edo Mutuberriaren aire berritzailea. MCCren bosgarren presidentea izango da, Jose Maria Ormaetxea, Javier Mongelos, Antonio Cancelo eta Jesus Cataniaren ondoren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak