Markel Irizar: "Pena da, baina ziklistok ez dugu proba hauetaz gura moduan gozatzen"

Xabier Urtzelai 2009ko api. 8a, 11:31
Markel Irizarrek Flandriako Tourra korritu zuen domekan. Gaur, eguaztena, Gent-Wevelgem proban izango da eta domekan lehiatuko da Paris Roubaix lasterketan. Debagoieneko koadrila baten bisita izan zuen etapa amaitu ondoren.

Egunotan txirrindularitzan Euskal Herriko Itzulia da albiste. Gaur, eguaztena, hirugarren etapa korrituko dute, eta txirrindulariak Debagoienetik igaroko dira; 15:00ak inguruan Arlabanetik sartuko dira ibarrera, eta Bergarara jaitsita (15:45) Elgetarako bidea hartuko dute etapa Arraten amaitzeko.
Baina, ibarreko txirrindulari profesionalak beste lasterketa batzuetan dabiltza egunotan. Iban Velasco Lizarrako Itzulian lehiatu zen asteburuan –47.a–, eta Markel Irizar Belgikan dago, iparraldeko klasikoetan esku hartzen. Hain zuzen ere, Flandriako Tourra korritzera –proba zikloturista–, eta profesionalen lasterketa ikustera Belgikara bidaia egin zuen Debagoieneko taldearekin izan zen Oñatiko ziklista, Orly-Tiretu! taldekoekin, hain zuzen.

Galtzada-harrian korritzea
Ronde van Vlaanderen edota Flandriako Tourra da iparraldeko klasikoen artean ikusgarrienetako bat. Profesionalek korritu baino egun bat lehenago zikloturistendako antolatzen dute lasterketa –zapatuan 19.000 lagunek hartu zuten parte proban–, eta ibarretik joandakoek bertatik bertara ikusi ahal izan zuten zer den galtzada-harri gainean bizikletan ibiltzea. Markel Irizar ohituago dago horretara: "Flandriako probarekin alderatuta, baina, datorren domekan egingo dugun Paris-Roubaix gogorragoa da. Galtzada-harriak askoz ere koska handiagoak ditu eta kilometro asko dira bizikleta gainean". Oñatikoaren asmoa da gaurko Gent-Webelgen proban aurrean ibiltzea, domekako lasterketarekin ez zen-eta erabat gustura geratu; 65.a izan zen: "Orain dela bi urte aurrean ibili nintzen, eta hori hobetu gura nuen, baina eroriko batengatik tropela hautsi eta atzeko taldetxoan geratu ginen".
Irizar bere saltsan dabil, lasterketa klasikoetan, baina gehiago gozatu gurako lukeela aitortu du: "Hamar urte barru ikusle moduan etorriko naiz, eta orduan gehiago gozatuko dut, seguru. Izan ere, lasterketa barruan ziklistok urduri ibiltzen gara, eta ez gara ohartzen proban egoten den giroaz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak