Markel Irizar gustura erlojupeko bederatzigarren postuarekin

Mirari Altube Arrese 2008ko eka. 29a, 20:46
Espainiako Txapelketa jokatu dute aste bukaeran txirrindulariek Talavera de la Reina herrian (Toledo), eta han izan da Euskaltel-Euskadiko Markel Irizar oñatiarra. Zapatuko erlojupekoan bederatzigarrena izan da Irizar 34 minutu eta 31 segundo eginda, eta txapeldunarengandik minutu bat eta 32 segundora geratu da. Lehen euskalduna izan da bera. Gaurkoko iraupen-lasterketan ere hartu du parte oñatiarrak.

Denboraldiko lehen zatiko azken lasterketak izan dira aste bukaerako biak Irizarrendako: "Otsailean oso gogor hasi nuen denboraldia, eta ez da samurra mantentzea. Horregatik gustura nago egindako denborarekin, zortzigarrenarekin berdinduta geratu naiz-eta. Izugarrizko denbora egiteko itxaropenik ere ez neukan", dio. 27,7 kilometroko ibilbidea egin dute erlojuaren aurka, laua baina lehen kilometroak goranzko joerarekin, eta bero handia izan dute, 36 gradu: "Uste baino gogorragoa izan da, haizea izan dugulako kontra hasieran eta bero egiten zuelako". Irizarrek onartu du beroarekin ondo ibili izan dela, baina lehenengo bero horietara oraindik ohitu barik izaten dela gorputza.

Txapelduna Leon Sanchez

Erlojupeko txapelduna Luis Leon Sanchez (Caisse d'Epargne) murtziarra izan da 32 minutu eta 59 segundorekin. Faborito nagusia hirugarren geratu den Ivan Gutierrez zen (Caisse d'Epargne) –lau aldiz Espainiako erlojupeko txapelduna–, baina Kantabriakoa ez da batere ondo egokitu berora, eta irabazleak baino 56 segundo gehiago egin ditu: "Ez da ezustekorik egon sailkapenean, faborito nagusia hirugarren geratu da, baina lehenengo postuetan geratu diren hirurak ziren faborito. Laugarrenetik aurrera, ostera, oso parekatuta egon gara batzuk, 30 segundoren bueltan", argitu digu txirrindulari oñatiarrak. Leon Sanchez txapelduna oso pozik zegoen, bi urtetan txapeldunorde izan eta gero irabaztea lortu duelako.

Iraupen-lasterketa

Gaur, domeka, 204 kilometroko iraupen-lasterketa egin dute. Hiru buelta eman behar izan dizkiote zirkuitu bati, tartean 7 kilometroko mendate gogorra duela. Gainera, zapatuan legez, izugarrizko beroa izan dute, 40 gradu Talaverako helmugan; ondorioz, lasterketa gogorra izan da: "Erlojupekoan egindako esfortzu handia igarri egingo nuela banekien, baina ahal den guztia ematen saiatu naiz gaur ere", dio Irizarrek eta gaineratu du: "Txirrindulari batzuk etxetik etorri dira atseden hartuta, eta hori igarri egin zaie". Lasterketako lehen ihesaldian egon da Irizar, beste bederatzi txirrindularirekin batera, baina gero harrapatu egin dituzte. "Hortik aurrera ezusteko gutxi egon da, betikoek gidatu eta zuzendu dute lasterketa", azaldu digu. Hala, faborito nagusia zen Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne) nagusitu da helmugan (05:13:13); Oscar Sevillari (Relax Gam) gailendu zaio esprintean azken 30 kilometroak biek bakarrik egin eta gero. Hirugarrena Oscar Pereiro izan da (Caisse d'Epargne).


Denboraldiko lehen zatiko azken lasterketa izan da Irizarrendako: "Orain atseden hartuko dut, eta gero bigarren zatiari begira jarriko naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak