Mankomunitea: aurrekontuak onartu dituzte 2007rako

Aintzane Irizar 2006ko abe. 1a, 19:19
Debagoieneko Mankomunitateak eguaztenean egin zuen ohiko Gobernu Batzarra, Antzuolan. Hantxe onartu zituzten 2007. urterako aurrekontuak. 12.527.392 euroko aurrekontua, hain zuzen ere, izango du Mankomunitateak. Igoera nabarmena izango da 2006koekin alderatuta (%47,3ko igoera).

Igoera horren atzean bi proiektu handi daude; batetik, Mankomunitatearen egoitza berrira diru kopuru handia bideratuko dute (hiru milioi euro), baita Epeleko zabortegiko berreskurapen lanetara ere (milioi batetik gora euro). Guztira, aurrekontuen %37 (4.613.932 euro) bideratuko dituzte inbertsioetarako.

Aipatzekoa da iaz 350.000 euro inbertitu zituztela Mankomunitatearen egoitza berria izango dena erosteko.

Hainbat sail

Ezinduen garraiorako bideratutako kopurua %19,4 igoko da datorren urtean; 215.000 euro gastatuko dira, hain zuzen ere. Kirolaren sailak 88.242 euro eramango ditu (%46ko igoerarekin).

Ingurumenaren sailak sei milioi eta erdiko aurrekontua izango du; nabarmena da sail honen igoera (%29,49), baina, kontuan hartu behar dugu Epeleko zabortegiaren lanak hemen sartzen direla.
Hiltegiari dagokionez, berriz, 893.425 euroko aurrekontuak izango du, iaz baino txikiagoa (%6,1 txikiagoa). 50.000 euroko inbertsioak egingo dituzte hiltegian.

Laneko jazarpenaren aurka

Debagoieneko Mankomunitateko langileen artean jazarpen sexuala eta morala prebenitzeko neurriak hartzea ere onartu zuen eguazteneko batzarrean Gobernu Batzordeak. Jazarpen sexuala eta morala zer den definitzen du, batetik, dokumentu horrek. Bestetik, jazarpenok Mankomunitateko langileen artean prebenitzeko ze neurri hartuko dituzten zehazten da, baita jazarpenik gertatzekotan ze jardunbide jarraituko duten ere. Horrela, azkenaldian denon ahotan dagoen arazoari heldu nahi izan dio Mankomunitateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak