Mankomunitateko zerbitzu buruak atez ateko sistemaren bideragarritasuna aztertu du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko abu. 4a, 12:04
Debagoiena, Debabarrena eta Urola Kostako mankomunitateko hainbat ordezkarik, tartean Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak gogor egin dute atez ateko zabor bilketaren aurka. Orain arte ere horrela izan da, bosgarren edukiontziaren aldekoak izan dira; baina, mankomunitateko teknikariak egindako txostena eskuan dutela, arrazoiak azaldu dituzte.

Aurretik Jordi Colomerrek egindako txostena aztertzeko eta bideragarritasuna zehazteko eskatu zioten Debagoieneko Mankomunitateko zerbitzu buruari. Idoiagak azaldu du ekain bukaeran jasotako txostenaren arabera, atez ateko zabor bilketa ez litzatekeela bideragarria izango. Adibidez, langileek zaborra jasotzeko beharko luketen denboran egon daitezkeen arazoak azaldu ditu: "Ate bakoitzean uste baino 10 segundo gehiago egingo balute, %23 igoko litzateke zaborra jasotzeko denbora".

Errausketa edo zabortegiak

Idoiagak gaineratu du, orain arte esan izan dela atez ateko zabor bilketarekin errausketa amaituko litzatekeela, baina hori ez dela horrela:"Atez ateko sistemak ere errausketa planta edo zabortegiaren beharra dauka".

Bikoiztu egingo litzateke gastua

Txosten berriak dio atez-ateko sistemarekin bikoiztu egingo litzatekeela zabor bilketaren gastua. "Kopuru zehatzik ez du aipatzen teknikariak, baina ingurumen batzordean  aipatu zuen, erreferentzia moduan, bi milioi pasa kostatzen dena bost milioi kostako dela", dio Idoiagak.

Bosgarren edukiontziaren aldekoak

Hortaz, Idoiagak bosgarren edukiontziaren aldeko apustuarekin jarraituko dutela azaldu du. Dio, gaur egun, Gipuzkoan %39 birziklatzen dela, Europako tasarik altuenetarikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak