Mankomunitateak ia 11 milioiko aurrekontua onartu du

Mirian Biteri 2008ko abe. 11a, 18:08
Debagoieneko Mankomunitateak 2009ko aurrekontu orokorra onartu zuen joan den egubakoitzean. Hori 10.770.349,64 eurokoa izango da. Kontuek udalerri guztietako ordezkarien oniritzia jaso zuten, Oñatikoena izan ezik. Inbertsio guztien artean, laugarren garbigunerako lursaila erosteko aurreikusitako partida dago.

Behin-behineko erabakia hartu zuten egubakoitzean. Orain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da eta hamabost eguneko epean, alegaziorik ez bada aurkezten, aurrekontuak automatikoki behin betiko onartuak izan dira.

Datorren ekitaldiko aurrekontu orokorra 10.770.349,64 eurokoa izango da. Aurtengo kontuekin alderatuta, %5,62ko igoera izango du. Pertsonal gastuetarako 2.492.790,91 euro eta gastu orokorretarako 6.253.715 euro bideratuko dira. Inbertsioetarako, berriz, 676.000 euro osatzen duten diru lerroak onartu dira.

Arloka, Ingurumenerako aurreikusi dira diru partida esanguratsuenak. Zerbitzu orokorretan, kontzientziarazte kanpainen partida 60.000 eurotik 120.000 eurora izatea adostu dute.

Garbigunea

Bestalde, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Leintz Gatzagari zerbitzu emateko datorren urteotan laugarren garbigune bat martxan jartzea planteatu da, Esteibar moduan ezagutzen den gunean. Bi partida sartu dira horretarako: lurzoruaren erosketaren inbertsiorako, 220.000 euro eta proiektua idazteko 24.000. Hiri hondakinen atalean, Mankomunitateak 25.000 euro bideratuko ditu ibarreko kaleetan pilak jasotzeko edukiontziak jartzera.

Zaborren bilketan eta kudeaketan aldaketak daude. Uztailetik aurrera Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa arduratuko da Gipuzkoa osoan horretaz eta mankomunitateek zerbitzu hori ordaindu beharko dute; 125,74 euro tonako. Gainera, 120.000 euroko partida bat aurreikusi da Epele inguruan lursaila erosteko. Bertan konpost planta, transferentzia planta eta Mankomunitateko garajea egin nahi ditu. Epeleko zabortegiari dagokionez, zigilatzeko lehen fasearen proiektua idaztea aurreikusi du, 60.000 euroko kostuarekin.

Turismorako diru gehiago

Turismoaren aurrekontua 413.051,33 euro da; %11,88 igo da sail hori. Horren harira, esan beharra dago Eskoriatzak hartuko duela Bergararen tokia, Mundumira jaialdian 2009an.

Euskara, Kultura, Garraio, Kirol eta Abere Hiltegietarako ere partidak onartu dira. Joan den urtekoak baino txikiagoak dira horiek, hala ere.

Lurdes Idoiagaren iritzia

Esan bezala, oñatiarrek kontra bozkatu zuten. Oñatiko alkate Lurdes Idoiagak (EAJ) azaldu du pozik daudela sail guztietako funtzionamenduarekin, Kirola eta Euskara departamentuekin izan ezik: "Inongo adostasunik gabe, sail horietako proposamenak eta programak murriztu egin dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak