Mankomunitateak eskatu du hezur-muina ematea errazteko

Leire Kortabarria 2008ko urt. 25a, 10:07
Hezur-muina ematearen aldeko elkarteak Osakidetzari egiten dizkion eskaera batzuk bere egin ditu Mankomunitateak.

Iturrigorri Elkarlanak, hezur-muina ematearen aldeko elkarteak, ondo ikusi du Debagoieneko Mankomunitateak bere egin izana Iturrigorrik Osakidetzari egindako eskaera batzuk. Mankomunitatearen Gobernu Batzarrak bere urtarrileko bileran, hilaren 16an, hartu zuen erabaki hori. Eskaerak hauek dira: Osakidetzak Iturrigorri Elkarlanari hezur-muina ematearen inguruko informazio estatistikoa eman diezaiola, bere jarduerarako baliagarria zaiolako –hezur-muin transplanteari lotutako gaixotasunei buruzko datuak, hezur-muin emaile kopuruari buruzkoa, zain dauden gaixo kopuruari buruzkoa, tratamenduaren kostuari buruzkoa… Bestetik, hezur-muin emaileak egin ahal izateko zerbitzua Eskualdeko Ospitalera ekar dezala; odol-emaileen elkarteak lantegi eta herrietara datozenean, hezur-muin emaile izan ahal izateko odol-ateratzea eta elkarrizketa emateko aukera ere eman dezatela; Egute txartela kentzea eta hori dutenei jakinaraztea ez direla hezur-muin emaile; eta Osakidetzak hezur-muin emaile izan nahi dutenei egin beharreko analisi genetikoak egiteko ahalmena handitzea.
Eskaerok batzen dituen mozio bat eztabaidatuko du Debagoieneko Udal bakoitzak; Arrasatekoak onartuta dauka. Azkenik, Mankomunitatearen otsaileko batzarraren egunean, hilaren 20an, hezur-muin emaile egin diren Debagoieneko udal hautetsi guztiek agerraldia egingo dute.

Itxaropena

Iturrigorriko ordezkariek ondo hartu dute erakundeek euren eskaerak babestea, eta Udalekin lanean jarraituko dutela esan dute. Gaineratu dute badutela itxaropena Osakidetzak euren eskaerak entzun eta erraztasunak ipiniko dituela. Iturrigorriren esanetan, Euskal Herrian beharrezkoak dira emaile gehiago, izan ere, transplantea jaso behar duenaren hezur-muin mota berbera izatea oso zaila da; horregatik, ematera gertu dagoen batek %2 aukera bakarrik ditu benetan inoiz emaile izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak