Mankomunitateak Epeleko zabortegiari baimen bateratua ematen dion ebazpenari alegazioak jarriko dizkio

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko mai. 22a, 20:22
Mankomunitateko kideek Gobernu Juntaren ohiko bilkura egin zuten martitzenean. Lau gai izan zituzten aztergai: aurreko bilkuretako aktak onartzea, zerbitzu orokorrak, ingurumena eta lehendakaritza. Ingurumenaren gaiak izan zuen garrantzi handiena. Besteak beste, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak biltzeko hitzarmena sinatu zuten Ecotic enpresarekin.

Ingurumen gaiak landu dituzte asteon egin duten Mankomunitateko Gobernu Juntaren ohiko bilkura. Besteak beste, garbiguneetako txatarra saltzeko kontratuaren aldaketa izan dute aztergai. Orain arte txatarra bezala izendatuta egon izan da dena; baina, orain bereiztu egin behar dira txatarra motak. Hala, kontratua aldatu da eta hemendik aurrera, linea zuriko hondakinak Hierros Naparra enpresak kudeatuko ditu. Tonako 50 euro ordainduko dio Hierros Naparra enpresak Mankomunitateari.

Aparatu elektriko eta elektronikoak

Bestalde, aparatu elektriko y elektronikoen hondakinak biltzeko lankidetza hitzarmena sinatu du Mankomunitateak Ecotic fundazioarekin. Ecotic fundazioak aparatu horiek biltzeko ardura izango du aurrerantzean.

Epeleko zabortegia

Baina, bilerako gai nagusia Epeleko zabortegiari ingurumen baimen bateratua ematen dion ebazpenaren aurkako errekurtsoak izan dira. Hiru alegazio aurkeztu dizkio Mankomunitateak Eusko Jaurlaritzak emandako baimenari.

Hondakinak sailkatu

Lehenengo alegazioan esaten da hondakinak sailkatzea ez dela derrigorrezkoa. Orain arte egin den bezala, materiala enpresa ekoizleek sailkatuta ekartzea eskatzen du Mankomunitateak. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ez ditu onartzen tratamendu gabeko hondakinak. Mankomunitateak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari neurri hori kentzea. Izan ere, zabortegiko jarduera bati aplikagarriak zaizkion legearen betebeharrak gainditzen dituela dio Mankomunitateak.

Lixibatuak

Bigarren alegazioa jarri dio lixibatuak Epeleko araztegira eraman beharrari. Eusko Jaurlaritzak bere baimenean dio Mankomunitateak Epeleko araztegira eraman behar dituela lixibatuak. Baina, Mankomunitateak dio, legearen arabera, ez duela lixibatuak Epeleko araztegira eramateko obligaziorik. Mankomunitateak alegatu du legeak ezarritako neurriak ez direla gainditzen eta ez daudela horretara behartuta. Lixibatuak Deba ibaira isurtzeko eskubide osoa duela dio Mankomunitateak.

Iragazketa

Hirugarren alegazioa zabortegiaren baseko iragazketari jarri dio Mankomunitateak. Mankomunitateak dio Epeleko zabortegiak arrisku txikia daukala lurzorua eta lur azpiko urak zikintzeko. Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen iragazpen neurriak gehiegizkoak direla eta oso garestiak direla dio Mankomunitateak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio ikerketa bat egitea frogatzeko ez dagoela iragazketa arriskurik Epeleko zabortegian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak