Manifestazioak deitu dituzte Batasuneko buruzagitzako kideen atxiloketak salatzeko

Usoa Agirre 2007ko urr. 5a, 12:32
Batasuneko zuzendaritzako 23 kide atxilotu ditu bart gauean Seguran eta Olaberrian Espainiako Poliziak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak agindu du sarekada. Atxiloketak salatzeko manifestazioak deitu dituzte gaur iluntzeko 20:00etarako Euskal Herriko hiriburuetan eta herri ezberdinetan. Ibarrean ere egingo dira manifestazioak eta karteladak.

Arrasaten, 14:00etan egingo dute manifestazioa atxiloketak salatzeko. Oñatin, 20:00etan kartelada egingo dute. Bergaran 19:30ean elkartuko dira plazan.

Atxilotuak

Iturri ofizialek ez dute oraindik atxilotuak nortzuk diren argitu, baina Espainiako albiste agentziek zabaldu dutenez, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Juan Joxe Petrikorena, Ibon Arbulu, Jean Claude Agerre, Imanol Iparragirre, Jon Garai, Patxi Urrutia, Aner Petralanda eta Ana Lizarralde dira atxilotuetako batzuk.

35/02 sumarioaren barruan

Espainiako komunikabideen arabera, Batasuneko buruzagitza berritzeko egin dute bart bilera Seguran, eta, hori legez kanpoko jarduera dela iritzita eman du atxilotzeko agindua Garzonek. Ezker abertzaleko iturriek ukatu egin dute buruzagitza berritzen ari zirela.

Auzitegi Nazionaleko iturrien arabera, 35/02 sumarioaren barruan egin dute operazioa; ETArekin lotura izatea egotzita abiatu zuen sumario hori Garzonek Batasunaren aurka, eta, besteak beste, Herriko Tabernen auzia dago horren barruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak