Jaiotzek gora egin dute Debagoieneko ospitalean, maila txikian izan bada ere

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko urt. 25a, 10:05
Emankortasuna modu nabarmenean suspertu da azken urteetan. EAEko datuen arabera, 2000. urtean zegoen maila %50 igo da. Ibarreko datuei begira jarrita, azken urteetan goranzko eboluzioa izan dute jaiotzek gurean ere. Hala ere, beste ospitale batzuekin alderatuta txikiagoa izan da eboluzio hori. "Donostiako ospitalean edo Mendarokoan baino txikiagoa izan da eboluzioa. 2007an 150 jaiotzatatik pasatuko ginela uste genuen, baina ez da horrela izan", azaldu du Jose Ramon Serrano Debagoieneko ospitaleko ginekologia buruak.

Jaiotzen igoera, batez ere, etorkinengatik eman da. Gurera etorri diren emakume etorkinak haurrak izateko adinean egoteak ahalbideratu du igoera. Beste faktore bat hirugarren haurra da. Bi haur baino gehiago izatea gero eta ohikoagoa da. Hori zergatik den galdetuta, zera dio Serranok: "faktoreak asko izan daitezke, baina gure ustez, gaur egun dagoen segurtasun sistemek zerikusi handia dute. Hirugarren haurra izaten duten emakumeen bataz besteko adina 34 urtetik gorakoa da; horrek esan nahi du segurtasun osoz egiten dugula lan. Hala, emakumeak animatu egiten dira".
Etorkin kopurua igo dela kontuan hartuta, ohikoa da hauei begira zerbitzu bereziak jartzea. Debagoieneko ospitalean, baina, ez dute bereziki etorkinei zuzendutako zerbitzurik jarri. "Egoera berrira egokitu behar izan dugu, baina zerbitzu berezirik ez da jarri. Larrialdietan egin izan ditugu itzulpenak inoiz, eta, ohiko galderei erantzuteko baditugu esku orriak. Baina ezer berezirik ez", gaineratu du Serranok.

Zesarea kasuak, gora

Azken urteetan gorakada nabarmena eman da zesarea kasuetan. Gurean, %15a baina gehiagokoa izan da zesareaz jaiotako haurren kopurua. Osakidetzaren helburua zesarea kopurua %15a izatea da; "asmo handiko helburua", dio Serranok. "Orain urte bete, %20a izan zen gure ospitaleko datua; hala, neurri zehatzak hartu behar izan genituen maila hori jaisteko. Bestalde, esan behar da, Estatu mailan %22a dela zesareaz jaiotako haurren kopurua", gaineratu du. Bi arrazoi daude igoera hori arrazoitzeko; batetik, patologia kopurua handitu egin da eta bestalde, aurre zesarea gehiago egiten da orain.
"Garrantzitsua da esatea, gurean, zesareaz jaiotzen direla bakarrik ipurdiz datozen haurrak. Eskaintzen dugun beste aukera bat da, kanpoko bertsioa. Hau, Donostiako ospitalean egiten da eta zera da: ipurdiz datorren haurrari buelta ematen zaio eta posizio egokian jartzen da. Hori guztia kanpotik egiten da", azaldu du Serranok. Ospitale pribatuetan, zesarea datuak altuagoak dira, %28 ingurukoak.
Bikien jaiotzek ere gora egin dute; bereziki, lagunduriko ugalketa delako teknikaren ondorioz sortutako haurdunaldien eraginagatik izan da gorakada. Erditze biki gehienak Donostian egiten dira; Arrasaten, azken momentukoak bakarrik. 37. astea baino lehenago badator umea, Donostiara bideratzen dute emakumea.
Biki gehiago jaiotzearen ondorioz, ume goiztiarren jaiotzak ere gora egin du. Bestalde, emakumeak haurra izaten duen adina (lehen haurra 31 urterekin) ere igo egin da eta hori oso faktore garrantzitsua da. Emakumea gero eta nagusiagoa izan, haur goiztiarra jaiotzeko arriskua handiagoa izaten da.

Erditze naturala

Emakumeen gehiengoak eskatzen du gaur egun epidurala jartzea; ospitalearen helburua, "eskatzen duten guztiei jartzea da". Baina, gertatu daiteke emakumeak eskatu izan arren, ezin ipini izana. "Arrazoiak? Momentu berean erditze asko egotea izan daiteke bat eta, anestesista bakarra daukagunez, momentuan beste zeregin batean egotea. Baina eskatzen duten %98ari jarri egiten zaio".
Etorkizunean erditzea ahalik eta naturalena egitea da Debagoieneko ospitalearen helburua. Neurri hauek ospitale berriari begira jarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak