Maila txikian bada ere, jaiotzek gora egin dute Debagoieneko ospitalean

Goienkaria 2008ko urt. 25a, 09:57
Etorkinen etorreragatik eta hirugarren umea edukitzeagatik gertatu da gorakada. Bikien erditzeek gora egin dute eta, ondorioz, baita haur goiztiarrek ere.


Emankortasuna modu nabarmenean suspertu da azken urteetan. EAEko datuen arabera, 2000. urtean zegoen maila %50 igo da. Ibarreko datuei begira jarrita, azken urteetan goranzko eboluzioa izan dute jaiotzek gurean ere. Hala ere, beste ospitale batzuekin alderatuta txikiagoa izan da eboluzio hori. "Donostiako ospitalean edo Mendarokoan baino txikiagoa izan da eboluzioa. 2007an 150 jaiotzatik pasatuko ginela uste genuen, baina ez da horrela izan", azaldu du Jose Ramon Serranok, Debagoieneko ospitaleko ginekologia-buruak.

Etorkinen gorakada

Jaiotzen igoera, batez ere, etorkinengatik gertatu da. Gurera etorri diren emakume etorkinak haurrak izateko adinean egoteak ahalbideratu du igoera. Beste faktore bat hirugarren haurra da. Bi haur baino gehiago izatea gero eta ohikoagoa da. Hori zergatik den galdetuta, zera dio Serranok: "Faktoreak asko izan daitezke, baina gure ustez, gaur egun dauden segurtasun sistemek zerikusi handia dute. Hirugarren haurra izaten duten emakumeen batez besteko adina 34 urtetik gorakoa da; horrek esan nahi du segurtasun osoz egiten dugula lan. Hala, emakumeak animatu egiten dira".

Etorkin kopurua igo dela kontuan hartuta, ohikoa da hauei begira zerbitzu bereziak jartzea. Debagoieneko ospitalean, baina, ez dute bereziki etorkinei zuzendutako zerbitzurik jarri. "Egoera berrira egokitu behar izan dugu, baina zerbitzu berezirik ez da jarri. Larrialdietan egin izan ditugu itzulpenak inoiz, eta, ohiko galderei erantzuteko baditugu esku-orriak. Baina ezer berezirik ez", gaineratu du Serranok.

Zesarea kasuak, gora

Azken urteetan gorakada nabarmena izan da zesarea kasuetan. Gurean, %15 baino gehiagokoa izan da zesareaz jaiotako haurren kopurua. Osakidetzaren helburua zesarea kopurua %15 izatea da: "Asmo handiko helburua", dio Serranok. "Orain urtebete, %20 izan zen gure ospitaleko datua; hala, neurri zehatzak hartu behar izan genituen maila hori jaisteko. Bestalde, esan behar da Estatu mailan %22 dela zesareaz jaiotako haurren kopurua", gaineratu du. Bi arrazoi daude igoera hori arrazoitzeko: batetik, patologia kopurua handitu egin da eta, bestalde, aurre-zesarea gehiago egiten da orain.

"Garrantzitsua da esatea, gurean, zesareaz jaiotzen direla ipurdiz datozen haurrak bakarrik. Eskaintzen dugun beste aukera bat da kanpoko bertsioa. Hori Donostiako ospitalean egiten da, eta honakoan datza: ipurdiz datorren haurrari buelta ematen zaio eta posizio egokian jartzen da. Hori guztia kanpotik egiten da", azaldu du Serranok. Ospitale pribatuetan, zesarea datuak handiagoak dira: %28 ingurukoak.
Bikien jaiotzek ere gora egin dute; bereziki, lagunduriko ugalketa delako teknikaren ondorioz sortutako haurdunaldien eraginagatik izan da gorakada. Erditze biki gehienak Donostian egiten dira; Arrasaten, azken momentukoak bakarrik. 37. astea baino lehenago badator umea, Donostiara bideratzen dute emakumea.

Biki gehiago jaiotzearen ondorioz, ume goiztiarren jaiotzek ere gora egin dute. Bestalde, emakumeak haurra izaten duen adina (lehen haurra 31 urterekin) ere igo egin da eta hori oso faktore garrantzitsua da. Emakumea zenbat eta nagusiagoa izan, haur goiztiarra jaiotzeko arriskua handiagoa izaten da.

Erditze naturala

Emakumeen gehiengoak eskatzen du gaur egun epidurala jartzea; ospitalearen helburua "eskatzen duten guztiei jartzea da". Baina gerta daiteke emakumeak eskatu izan arren, ezin ipini izana. "Arrazoiak? Momentu berean erditze asko egotea izan daiteke bat, eta, anestesista bakarra daukagunez, momentuan beste zeregin batean egotea. Baina eskatzen duten %98ri jarri egiten zaie".
Etorkizunean erditzea ahalik eta naturalena egitea da Debagoieneko ospitalearen helburua. Neurri horiek ospitale berriari begira jarriko dituzte.

Jaiotza datuak eskualde ospitalean

Urtea    Jaiotako umeak
2000    488
2001    478
2002    485
2003    512
2004    507
2005    511
2006    547
2007    538

Iturria: Debagoieneko Ospitalea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak