Maiatzean zabalduko dute Debagoieneko zaharren egoitza berria

Jasone Zabala 2009ko urtarrilaren 28a

Maiatzerako zabalduko dute zaharren egoitza Aretxabaletan; halaxe adierazi digute, LKS Ingenieria- tik. LKS Ingenieria enpresa Mondragon Taldea barruan dago eta bera hari da lanon sustapen lanetan, eta badauka eskarmentua halako kontuetan, izan ere GSR kooperatibak (Gestion de Servicios Residenciales) bost urte daramatza lanean LKS Ingenieria-ren barruan, eta gaur egun hainbat egoitza kudeatzen ditu.

Aretxabaletan, Izurieta auzoko sarrera ondoan egiten ari dira egoitza. Bertan 170 pertsonendako lekua egongo da –oraingo Urats-Gain egoitzak daukana baino 146 gehiago–.

2007an hasi ziren

Egoitza berria egiteko lanak 2007ko irailean hasi ziren eta dagoeneko sustatzaileek esan dutenaren arabera lanen hiru laurdenak dagoeneko eginda daude. Hasierako ideia Aste Santurako amaitzeko baldin bazen ere, azken asteetan egindako euri eta elurrek lanen atzerapenean eragina izan dute eta horregatik maiatza jarri dute lan horien amaiera data bezala.

Debagoieneko egoera

Debagoienean momentu honetan 11.617 biztanletik gora daude 65 urtetik gora zahartze tasa %19 delarik, Gipuzkoako bataz bestekotik puntu bat handiagoa. Gaur egun, Debagoieneko zaharren egoitzetan 387 pertsonendako tokia dago; 82 eguneko zentroetan, horietatik 12 asteburukoak direlarik; 564 pertsonek erabiltzen dute etxez etxeko zerbitzua eta 338 dira telelaguntza programakoak. Egoera horrela, zerbitzua zabaldu nahi da Debagoienean dauden beharrak kontutan hartuz. Egoitza berrian, 110 lagun ibili dira lanean; aurrez aipatu bezala, 170 tokietatik 30ek izaera sozio- sanitarioa izango dute.
Laguntza soziala eta osasun laguntza behar dutenendako izango dira 30 leku. Gainera, 140 lekuetatik, erdiak (70 leku) Diputazioarekin hitzartutakoak izan dira. 70 horietatik  15 egongo dira Unitate Psiko- geriatriko batean, dementzia, alzheimerra eta antzerakoak dituztenendako. Gainerako 70 lekuetatik 20 aldi baterako egonaldietarako izango dira eta hauek ere izango dira Diputazioarekin hitzartutakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak