Maiatzaren Lehena: ozen entzun da langileen aldarria Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2009ko mai. 1a, 22:34
Arrasaten egin da Maiatzaren Lehena dela eta ibarrean antolatutako ekitaldi bakarra. Sindikatuen aldetik, ESK eta STEE-EILAS izan dira parte hartu dutenak. Azken honetako kide den Arrate Landak azaldu duenez, ''Orain arte ibarreko flotagailu izan diren kooperatiben egoerak, Arcelorreko arazoek, sarrailagintzaren gainbeherak... Horiek guztiak direla eta, krisiak Debagoiena hartu du, eta horregatik egin dugu gure ekitaldia hemen''.

Bi sindikatuekin bat egin dute hainbat talde eragilek, hala nola Arrasateko eta Bergarako Gazte Batzarrek, Komite Internazionalistak eta Ahots Kooperatibistak. Ibarreko hainbat politikari ere egon dira ekitaldian, adibidez Aralarko Oxel Erostarbe eta Rebeka Ubera eta Arrasateko udaleko zinegotzi diren Ander Rodriguez, Joseba Ugalde eta Julia Monje.

Manifestazioa

Seber Altube plazatik abiatu d manifestazioa eguerdian, eta Krisiaren aurkako mobilizazioa. Ante la crisis otro mundo es posible, más justo y urgente lelodun pankartari segika, herriko kaleak zeharkatu dituzte. Ikurrina, bandera errepublikarra, AHTren kontrakoa... Bandera ugari ikusi dira ibilbidean, eta botatako lemak ere askotarikoak izan ziren: berdintasunaren, gastu soziala igotzearen edo maiatzaren 21eko grebaren aldekoak  izan dira batzuk,  kapitalaren eta enpresarien kontrakoak beste batzuk.

Zapata jaurtiketa

Hasi den leku berean bukatu den manifestazioa eta Internazionala, A las barricadas, Eusko Gudariak eta Zutik emakumeok abestu dituzte han.

Bukaera aldera etorri da ekitaldiko unerik bereziena;  duela zenbait hilabete kazetari irakiar batek egindakoa imitatuz, manifestariek zapatak jaurti dituzte krisiaren erantzule jotzen dituztenen argazkien kontra; besteak beste  Emilio Botin, George W. Bush, Jose Luis Rodriguez Zapatero edo Bernard Madoffen argazkien kontra. Barre algara bat baino gehiago eragin ditu horrek.

Ekitaldia nagusia eta gero, 60 pertsona inguru bildu dira bazkaritan Arrasateko gaztetxean, antolatzaileen esanetan, oso giro alaiean, bukatzeko, kontzertuak eskaini dituzte hainbat taldek..

Sindikatuen balorazioa

''Pozik egoteko moduan gaude, badirudi krisiarekin  jendea mugitzen ari dela, adibidez gazteak'', adierazi du Felix Irizar ESK sindikatuko kideak.

Arrate Landa aldiz, ez da hain baikor agertu: ''Saiatu gara, sindikatuez gain, gazteena edo emakumeena bezalako gizarte mugimenduetako jendea erakartzen, eurek ere pairatzen baitute krisia; ez dakit lortu dugun, baina badirudi  jendeak egun hau aldarrikapenekin baino, oporrekin lotzen duela". Landak gaineratu du maiatzaren 21eko hainbat sindikatuk deitutako greba orokorrean ikusi beharko dela jendeak nola erantzuten duen.

Gainerako sindikatuak, hiriburuetan

Euskal Herriko hiriburuak izan dira sindikatu handiek ekitaldi nagusiak burutzeko aukeratu dituztenak, eta krisiak protagonismo berezia izan du denetan ere.

ELAko kideak Bilbon bildu dira Borroka bidean lelopean. Manifestazioaren aurretik, agerraldia egin du Adolfo Muñoz  idazkari nagusiak; besteak beste, maiatzaren 21eko greba orokorraren alde eginaz. Lau autobus joan dira Debagoienetik Bilbora.

Langileon borrokaz Euskal Herriak aldaketa
izan da LABek Euskal Herriko hiriburu guztietan egindako ekitaldietan erabilitako leloa. Donostian egindako ekitaldian hitz egin du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, eta bertan egon dira besteak beste, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez, sindikatuko idazkari nagusi ohia. Debagoiendarrik ere egon da Donostian, autobus bat irten baita ibarretik.

Krisiaren aurrean: lana, inbertsioa publikoa eta babes soziala lelopean, UGT eta CCOO sindikatuek ekitaldi bateratuak egin dituzte. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izan dira horiek, eta elkarrizketa sozialaren aldeko apustua eta zorroztasuna eskatu dizkiete erakundeei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak