"Ligak inoiz ez dira abenduan irabazten"

Xabier Urtzelai 2008ko aza. 14a, 13:56
Ligako lehenengo laurdena janda, ibarreko taldeak Gabonetako oporraldia baino lehen geratzen diren jardunaldiak aprobetxatzeko ahaleginean dabiltza –zazpi jardunaldi dira, 21 puntu–. Hala ere, UDAko entrenatzaile Gordobilek ondo esan du: "Abenduan inork ez du txapelketarik irabazten", asko geratzen den seinale. Baina, Gabonak arteko lanak ondo erakusten du talde bakoitzak denboraldi horretan ze bide jarraituko duen, sorpresei dagokien tartea utzita.

Bederatzi jardunaldi hauetan UDAk batu ditu puntu gehien (14). Baina, Aretxabaleta etxetik kanpora jarraitzen ez duenari kosta egingo zaio hori sinistea, Ibarran partidu bakarra irabazi dutelako, Zumaiakoren kontra (1-0). Gordobilek eta Arenazak lana dute aurretik; zelai handia da Ibarra, baina talde horrek urteak daramatza bertan jokatzen, eta ez da esperientzia faltagatik izango. Batzuetan, zuzenketa txikiak izaten dira eraginkorrenak, eta ikusi egin behar entrenatzaileek buruan dituzten zuzenketa txiki horiek ze emaitza ematen duten domekan, sailkapenean ondo-ondoan daukaten Trintxerperen (14) kontra (16:30, Ibarra).


Aloña Mendik (12) erronka txiki bati egin behar izan dio aurre: berdegune berria daukate. Belar naturaletik artifizialera egin dute salto, baina Azkoagain neurriei dagokienez ez da asko aldatu. Gainera, alde ona egongo da Ibarran entrenatzearen edo Azkoagainen entrenatzearen artean. Emaitzei dagokionez, sari txikiegia ematen duten berdinketekin nekatu da Aloña; guztira sei partidu berdindu dituzte –berdinketa gehien dituen taldea da–, eta hor sei puntu baino ez daude. Gainera, Sei berdinketa horietan, birritan behintzat Oñatiko taldea aurretik ibili da, eta luzapeneko minutuetan joan zaizkio hiru puntuak. Hori alde batera utzita, Zubiak ez du jokalariek zelaian erakusten duten jokoarekiko kexarik, hori bai, gola falta zaiela adierazi du: "Joan den astean, esaterako, Real Unionen kontra sei gol aukera garbi izan genituen, baina ezin asmatu. Horrelako jokaldietan zorte apur bat falta zaigu".
Neurri batean, baliteke taldeak Xabi Caminok aurrealdean utzitako hutsunea igartzea, baina zenbakiei begiratuta, Aloñak ez du kontrarioaren atea zulatzeko arazorik –14 gol egin dituzte–. Hau da, lider dagoen Pasaiak ez du Aloñak baino gol gehiago egin. Domekan, ligan sorpresa eman duen Hondarribiaren bisita izango dute oñatiarrek (16:30).

Mondrak hobekuntza
Mondrak (11) sailkapenean ondoan duen OndarroakoAurreraren bisita izango du bihar Mojategin (16:30). Eta, norgehiagoka horri aparteko garrantzia eman dio Azkargortak: "Bada etxean irabazteko garaia, hori tokatzen zaigu". Kontrarioaren gainean, Ondarroako Aurrera aurre-denboraldian ondo ibili bazen ere, liga hasieran neurria eman ezinka ibili dira: "Hala ere, joan den astean bigarren postuan dagoen Tolosari irabazteko gauza izan ziren (2-1). Atzealdean sendo kokatzen den taldea da, eta aurrealdean kalitate handiko hiru jokalari dituzte". Azken hiru jardunalditan bestelako itxura erakutsi du Mondrak; zaleek eskertuko dute hori bertatik bertara ikustea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak