Leihoak berritzeko aukera plan berriarekin

Jasone Zabala 2009ko urtarrilaren 16a

Energiaren Aurrezpen eta Dibertsifikazioaren Institutuak (IDAE), Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) lortutako hitzarmenaren ondorioz, etxebizitzetan leihoen renove plana hasi da martxan. EEk lortutako dirulaguntza horren helburua eraginkortasun energetikoa lortzea eta errendimendua hobetzea da etxeetako leihoak aldatu nahi duenari diru laguntzak emanez.

 

Laguntzaren zenbatekoa

Deialdi honen oinarriak 2008ko urrian argitaratu ziren eta deialdia 2009ko uztaila arte martxan egongo da, edo plan honetarako eman diren 876.125 euroak gastatu arte. Berritu nahi den beiraztatutako itxitura bakoitzeko emango den diru laguntzaren zenbatekoa inbertsioaren %22 izango da (BEZ gabeko faktura kontuan hartuta). Nolanahi ere, etxebizitza bakoitzari emango zaion gehieneko zenbatekoa 1.650 eurokoa izango da. Leihoaren metro koadro bakoitzeko emango den gehieneko diru laguntza 500 eurokoa da. EEEtik adierazi digute, orain arte Euskal Autonomi Erkidegoan 5.000 eskakizun inguru jaso dituztela, eta hasieran zituzten aurreikuspenak gainditu dituztela. Gaineratu dute hainbeste eskakizun izanda guztiei erantzungo dietela baina denbora gehiago beharko dutela eskakizun bakoitzari erantzun ahal izateko.

Eskakizunaren oinarriak

Deialdi honen diru laguntzen onuradun izango dira EEEk argitaratutako baldintzak betetzen dituztenak: Euskal Autonomia Erkideagoan kokatutako etxebizitza baten jabea den pertsona fisiko edo haren usufruktuduna eta leihoak berritu nahi dituenak, termikoki eraginkorragoak direnak jartzeko asmoz.
Diru laguntza hauetara 2008ko irailaren 1etik 2009ko uztailaren 31ra bitartean egindako inbertsioak aurkeztu ahal izango dira. Aurkezteko azken epea ekainaren 30a izango da. Informazioa eskuratzeko, EEko ondorengo telefonora dei daiteke: 94 403 56 00 edo 94 403 56 80. Eskakizunak aurkezteko bi bide daude: EEEren webgunean sartuta– www.eve.es– eta bertako eskaera orria beteta edo posta arruntaz ondorengo helbidera bidalita: EVE,Plaza Bizkaia Eraikina, Alameda de Urquijo, 36 - 1. solairua, 48011 Bilbo. Erref.: EVE-IDAE 2008. PRVV jarrita kartazalean. Bestalde, nahi izanez gero, Suradesara ere joan daiteke nahi duenak– Nafarroa Etorb., 17, Arrasate– eta bertan informatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak