Lekukoen arabera, une honetan (08:30) inguruko dendariak eta langileak hasi dira hara gerturatzen, baina poliziak ez die pasatzen uzten, “guztiz itxita dago-eta guztia, eta esan diete, beste pare bat edo hiru ordura arte ezin izango direla sartu”. Lekukoek gaineratu dute inguruan kristalak eta bestelako materiala dagoela barreiatuta, “errepidearen beste aldera arte”.
Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, gauerdia baino hiru minutu lehenago abisua eman diete suhiltzaileei, esanez gauerdian lehertuko zuela lehergailuak. Dena den, ordurako hantxe zegoen polizia, epaitegiko zaindariek abisatuta, haiek motxila susmagarri bat atzemanda zuten-eta.
Ertzaintzak inguru guztia hustu eta gero, gauerditik hogei minutura egin du eztanda lehergailuak. Eztanda handia izan da, baina oraindik ez dakite zein lehergailu mota erabili duten.
09:30ak inguruan Joseba Azkarraga Justizia Sailburua Bergarara iritsiko da.