BTLS - Ilintxa
Bergarako BTLS taldeak ligako lehenengo partidua zuen zapatu arratsaldean Ipintzan. Primeran hasi du liga, lehenengo erregionalera igo berri den talde honek. Legazpiko Ilintxa taldearen kontra bat eta huts irabazi zuen-eta.
Partidua oso berdinduta egon zen bi zatietan ere; Ilintxakoek gola lortzeko aukera garbia izan zuten lehenengo zatian, baina, azkenean, baloia kanpora bota zuten. Hutseko berdinketarekin joan ziren, beraz, atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta minutu batera, baina, bergararren gola iritsi zen. Nathan Olabarria izan zen garaipenaren gola egin zuena. Markagailua alde zutela, gero, oso ondo eroan zuten bergararrek partiduaren bigarren zatia, eta legazpiarrek, berriz, ez zuten golerako aukerarik lortu.
BTLSekoek Ipintza futbol zelai berrian jokatzen zuten lehenengo aldia zen zapatukoa, eta badirudi belarra zeharo asentatu barik dagoela oraindik. "Zelaiak asko pisatzen duela dirudi. Baloiak bote handia egiten du eta, beste batzuetan, asko moteltzen da. Baloia belarraren gainean doanean oso poliki doa. Dena dela, apurka-apurka joango da hobetzen eta finkatzen" azaldu du Beitiak. Zelaiaren moteltasunari eta pisuari aurre egiteko indarra eta garra behar ziren eta BTLSekoek horixe da erakutsi zutena; Garaipena lortzeko grina. Legazpiarrek, berriz, ez zuten egoera horretara moldatzerik lortu.
Tolosa - Mondra
Partidu gogorra jokatu zuen Mondrak zapatuan Tolosako Usabal zelaian. Borroka asko, korrikaldi luzeak, eta defentsa lan handia. Egindako lan gogorrak, baina, emaitza ona eman zuen: Mondrak 1 eta 2 irabazi zien tolosarrei. Lehenengo zatian Gorka Juradok egin zuen gola. Bigarren zatian Makuk partidua erabaki zuen zelaiaren erditik egindako golarekin.
Aretxabaleta - Mutriku
Aretxabaletak ez zuen zorterik izan ligako lehenengo partiduan eta 0 eta 1 galdu zuen Mutriku taldearen kontra etxean. Lehenengo zatia amaitzeko bost minutu falta zirenean Julen Moreno jokalaria egotzi zuten eta hamarrekin geratuta Mutrikurendako 8 minutu aski izan ziren kornerretik gola egiteko. Bigarren zatian, aretxabaletarrak nagusitu ziren arren, ez zuten golik lortu.
Eibartarrak - Bergara
Bergara futbol taldeak ere ondo hasi du aurtengo liga. Eibartarraken kontra zero eta bat irabazi zuten atzo arratsaldean. Bergararrak oso ondo jokatu zuten eta partidu guztian zehar nagusi izan ziren. Aukera asko izan zituzten, baina, gol bakarra lortu zuten azkenean ere. Imanol Cabanillas kapitainarena izan zen gola. Bergarar asko izan ziren partidua ikusten.
Antzuola - Zestoa
Antzuolarrek Zestoaren kontra bat eta bi galdu zuten etxean. Lehenengo zatia oso parekatu izan zen, baina, 44. minutuan Antzuolako Ibai Zabalok markagailua estreinatzea lortu zuen. Bigarren zatian indartsu itzuli ziren zestoarrak zelaira eta hamar minututan bi gol sartu zituzten. Antzuolak berdinketa lortzeko saiakera egin zuen, baina, zestoarren atezaina fin ibili zen.