Gaur egun indarrean dagoen txartel bakarraren tarifak berriro definitzea proposatu dute. Izan ere, 11. bidaiatik aurrera egiten da deskontu egun. Hain zuzen, %15ekoa eta bidaia kopurua igo ahala, beherapena handiagoa da.
Sistema berri horrekin lehenengo bidaiatik %40 gutxiago ordaindu beharko da Gipuzkoako autobus lineatan. Deskontu horiek handitu egingo dira bidaia kopuruaren arabera. Hortaz, 40 eta 70 bidaia artean egiten dituztenek %70ko beherapena izango dute eta hortik aurrera, %90koa. Txartelaren prezio berri horiek ez dira oraindik indarrean jarriko, datorren urte hasieran hasiko dira-eta plana garatzen.
Aralarren proposamen batetik abiatuta, Eusko Abertzaleak, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua-Berdeak eta Aralar taldeek erdibideko zuzenketa aurkeztu zuten Batzar Nagusietan. Garraio publikoa bultzatzea da horren helburua. Aho batez onartu zen atzo, eguena, esandako proposamena, egindako osoko bilkuran.
10 urtetik beherakoak doan
Tarifena ez da adostutako proposamen bakarra izan. 10 urte beherako haurrek dohainik hartu ahal izango dute autobusa, ez dute ezer ordainduko. Horrez gain, umeendako aulki edo autoak eramatearren ez da ezer ordaindu behar izango. Eta ibilbide luzeagoetarako autobusetan txikiendako segurtasun aulkiak aztertzea ere proposatu dute taldeek.
Familiarendako txartelak, aldi baterako txartelak, urte osoko txartelak eta txartel sozialak ezartzea ere ezinbestekotzat jo dute. Azken horiek zenbait kolektiboendako izan behar diote, norberaren errentaren araberakoa. Besteak beste, langabe, ikasle, oinarrizko errentaren onuradun eta pentsio txikiak dituzten pertsonendako izatea eskatu dute Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden taldeek.
Txartelaren tramitazioaren doakotasuna ere proposatzen dute, oinarrizko errentaren onuradunendako eta pentsio txikiak dituztenendako.
Eskualdeko bidaiak
Horrez gain, txartel bakarraren bidez, eskualde barruko autobus aldaketak dohainik egiteko aukera aztertzea eskatu diete batzarkide guztiek Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Garraioaren intermodalitatearen inguruko neurriak ere adostu dituzte, txartel bakarra beste garraiobide mota batzuetarako balio dezan. Renfe eta Eusko Trenerako txartel bakarra erabiltzeko aukera eskaintzea proposatu dute.
Autobus geltokietan, bestalde, informazio panel sarea osatzea adostu dute, erabiltzaileari uneoro autobusaren etorreraren berri emateko.