Lau tokiko telebista lehiatuko dira ibarrean

Maider Arregi 2007ko api. 27a, 14:14
Eusko Jaurlaritzak lekuko telebisten lizentziak banatuko ditu ekainaren 27an. Lizentzia horiek lortzeko 81 telebisten eskaintzak onartu dituzte EAEn. Gure ibarrean, Debagoienean, lau telebista lehiatuko dira telebista digitaleko lizentziak lortzeko: Gipuzkoa Televisión S.L., Grupo de Medios Ausiovisuales de Gipuzkoa, KTB S.L eta Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba.

Debagoienean 4 telebista lehian

Eskaera egin daitekeen barruti bakoitzean, gehienez, lau lizentzia banatuko dira. Gure ibarrean lau telebista daude lehian, baina horrek ez du esan nahi derrigorrez laurek lortuko dutenik lizentzia. Baimena lortzeko, puntuazio jakin bat lortu beharko dute.

Hauexek dira aurkeztutako laurak:

Gipuzkoa Televisión S.L., (Prisa)

Grupo de Medios ausiovisuales de Gipuzkoa

KTB, Kate Berria, S.L (Vocento)
 
Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba

EAEn 81 proposamen onartuta

Euskal Autonomia Erkidegoan 37 enpresek aurkezturiko 89 proposamen jaso ditu Eusko Jaurlaritzak. Horiek aztertu ondoren, 33 enpresa eskatzaileren 81 proposamen onartu ditu. Hain zuzen, 81 horiek izango dira lizentziak eskuratzeko lehian parte hartuko duten telebista proiektuak EAEn.

Jokoan 60 telebista lizentzia daude. Plangintza Teknikoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa 15 barrutitan banatuta daude: Araban 2 barruti, Bizkaian 6 eta Gipuzkoan 7. Barruti bakoitzean multiple bana prestatu da, eta horietako bakoitzean lau telebista kate sartuko dira. Denera, beraz, 60 telebista katerentzat dago lekua.

Esleipena

Orain, lehiaketa publiko horren ardura Eusko Jaurlaritzak du, eta Kontratazio Mahaiak enpresen eskaintzak aztertuko ditu, eta espero dute ekainaren amaierarako prest izango duela Kultura Sailak esleipen proposamena. Jaurlaritzaren Osoko Bilkuran aztertu eta gero, jakinaraziko zaie lizentzia esleituko zaien enpresei. Lehiaketaren jakinarazpena behin eginda, enpresa irabazleek, jakinarazpenaren ondoko hamabost eguneko epean, behin betiko bermea aurkeztu beharko dute, eta hiruhilabeteko epea izango dute, proiektu teknikoa igortzeko.

Behin proiektu teknikoa onartuta, kontratua sinatuko dute enpresek eta administrazioak, eta hortik aurrera zerbitzu emaileek 18 hilabete izango dituzte emititzen hasteko. Lehenengo emanaldiak, beraz, 2008an hasiko dira.

Euskararen lekua

Telebista guztiek euskarari lekua egin beharko diote, eta Jaurlaritzak dio esleipen prozeduran lehentasuna emango diotela euskararen erabilerari, "zerbitzu emaileentzat emango diren bideragarritasun ekonomikoaren eta teknikoaren barnean". Udalek zuzenean kudeatuko duten telebistetan, gutxienez, programazio erdia euskaraz izan beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak